Espero bezala, CiU koalizioak irabazi ditu Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta erraz. Bozen %100 zenbatuta daudela, CiU abertzaleak 62 diputatu lortu ditu, %38,5eko babesarekin eta ia-ia 1.200.000 boto jasota -duela lau urte 935.756 boto-.
Bigarren indarra -PSC-, bikoiztu egin du eta, horrelako aldearekin, berriro gobernuan izango da. Hala egon zen 1980-2003 artean, Generalitateko lehendakari Jordi Pujol (CiU) zela. 2003an Pasqual Maragall PSCko kidea jarri zen presidente, ERC eta ICVrekin bat eginda.
2010eko emaitzak (botoen %100 zenbatuta dela)
CiU. 62 parlamentari (1.198.010 boto, %38,47) / 2006an: 48 / 935.756 / %31,52
PSC. 28 parlamentari (570.361 boto, %18,32) / 2006an: 37 / 796.173 / %26,82
PP. 18 parlamentari (384.019 boto, %12,33) / 2006an: 14 / 316.222 / %10,65
ICV. 10 parlamentari (229.985 boto, %7,39) / 2006an: 12 / 282.693 / %9,52
ERC. 10 parlamentari (218.046 boto, %7) / 2006an: 21 / 416.355 / %14,03
Solidaritat. 4 parlamentari (102.197 boto, %3,28) / 2006an: ez zen aurkeztu
Ciutadans. 3 parlamentari (105.827 boto, %3,4) / 2006an: 3 / 89.840 / %3,03
CiUrenaz gain, nabarmentzeko beste emaitza batzuk
Egungo gobernuko PSC-ERC-ICV hirukoko alderdien artean 22 parlamentari galdu dituzte (70 zituzten lehen: 37-21-12), hor PSCk (-9; inoizko bere emaitzarik okerrena) eta ERCk (-11) sekulako kolpea jaso dute, PP da hirugarren indarra orain legebiltzarrean (+4; inoizko emaitza onenak), Solidaritat independentistak lau aulki lortu ditu bere lehen bozetan, eta Reagrupament independentistak %1,28ko babesa baino ez du izan estreinakoan -ERCtik bereizi zen-.
2006ko hauteskundeetan independentismoak 21 diputatu eskuratu zituen (ERCk), aurten 14 (ERCk 10, Solidaritatek lau). ERCk duela lau urte 416.355 boto bildu zituen, aurten ERC beraren (218.000), Solidaritaten (102.000) eta Reagrupamenten (ia 40.000) artean 360.000. Independentismoari kalte egin dio aparte aurkeztu izanak.
UPDk 5.293 boto jaso ditu, %0,17.
Mas, hirugarrenean bai
Artur Mas CiUko burua hirugarren aldiz aurkeztu da Generalitateko presidentegai bezala, eta orain lotuko du xedea, hirugarrenean. 23:00etan azaldu da hedabideen eta bere jarraitzaileen aitzinera mintzatzera. "Kataluniako herriari guri gehiengo handi bat emateko eskatu genion, eta halakoxea eman digu, handia. Baina umiltasunez hartu behar dugu garaipen hau", adierazi du Masek.
Kataluniak "indar handia" duela azpimarratu du, eta horrek "garai zail hauetarako itxaropena" ematen diola. "Guztiei" dei egin die laguntzeko Katalunia aurrera ateratzeko eta herriak "askatasun handiagoa" edukitzeko.
Duran i Lleida (CiU): "Mas izango da lehendakaria"
Josep Antoni Duran i Lleida CiUko 'bigarrenak' 21:30ean garaipena eurena izango dela ziurtzat jo du, eta "Artur Mas izango da Generalitateko lehendakaria" esan du, jarraitzaileen txaloen artean. Parte-hartzea igo izanak koalizioa poztu egin duela adierazi du.
Montilla ez da PSCko idazkari nagusi postura aurkeztuko berriro
Jose Montilla Generalitateko azken legealdiko presidente eta PSCko idazkari nagusiak aitortu du erraz galdu dituztela hauteskundeak -22:15ean atera da hitz egitera-, "baina gure konbikzioak ez ditugu galdu", esan du. Iragarri du ez dela berriro PSCko idazkari nagusi izateko aurkeztuko; 2011ko maiatzeko udal bozen ondoren egingo du PSCk Kongresua.
PSCko bozeramailea arrautza batekin jo dute prentsaurrekoan
Miquel Iceta PSCko Antolaketa idazkariak 20:00ak pasatxo hitz egin du hedabideen aurrean, CiUk "garaipen zabala" izan duela esanez eta bere alderdiak "uste baino askoz emaitza txikiagoa" izan duela aitortuz. Iceta prentsaurrekoa ematen ari zela, aretoan zen pertsona batek arrautza bat bota dio eta buruan jo du.
PP: "Aldaketa nahi zela ikusi da"
Oso pozik azaldu da Alicia Sanchez Camacho PPko lehendakarigaia 22:35etan hedabideen eta zaleen aurrean, bere alderdiak "emaitza historikoa" lortu duelako. "Espero genezakeen emaitzarik onena izan da. Ikusi da Kataluniak aldaketa nahi zuela". Espainiako Gobernurako "aldaketa aroa gaur hasi" dela adierazi du, eta Mariano Raxoi PPko buruari eskerrak eman dizkio emandako babesagatik. Lau urteotan Kataluniako Legebiltzarrean "Katalunia konstituzionala" defendituko dutela esan du Sanchez Camachok, eta gazteleraren alde ere egingo dutela.
Joan Herrera (ICV), balizko murrizketa sozialen aurka azalduko da
"Artur Masek murrizketa sozialak egin nahi baditu, aurre egingo diogu", esan du Joan Herrera ICVko lehendakarigaiak gauean. Haren balizko "politika ilunaren aurka" ere azalduko dira.
ERC: "Ez ziren hauteskunde errazak guretzat"
Ignasi Llorente ERCko bozeramaileak adierazi du eurek ez dutela oraindik behin betiko baloraziorik egingo, baina esan du aurrez bazekitela hauteskunde hauek ez zirela "ERCrentzat errazak". Aurrera begiratu nahi izan du, "oraindik ere Katalunian alderdi garrantzitsua baita ERC". Azpimarratu du hauteskunde hauetan "alderdi bakar bat" izan dela "garailea": CiU.
Joan Puigcercos ERCko lehendakarigaiak apenas hitz egin duen. Aitortu du galdu egin dutela eta CiUk "garaipen garrantzitsua" lortu duela.
Solidaritaten baldintza CiU babesteko: honek independentzia aldarrikatzea
Uriel Bertran Solidaritat Catalana per la Independenciako 'hirugarrenak' esan du legebiltzarrean CiU babesteko baldintza bat jarriko dutela: alderdi horrek Kataluniaren independentzia aldarrikatzea. Solidaritatek emaitza onak lortu dituela uste du Bertranek, "kontuan hartu behar baita alderdia duela lau hilabete sortu zela".
Antzeko parte-hartzea
Bozen %100 zenbatuta direla, parte-hartzea %59,95ekoa izan da. 2006ko hauteskundeetan %56,04koa izan zen partaidetza.
Botoa emateko eskubidea zuten lagunen %48,35 bozkatuta zeuden 18:00etarako. 2006an ordu berean parte-hartzea %45,31ekoa zen. Eguna aurrera joan ahala handituz joan da partaidetza, 13:00etan duela lau urtekoa baino txikiagoa zelako: 2006an %25,49koa, aurten %24,78koa.
9:00etan ireki dituzte hauteslekuak. Demokrazia ezarri zenetik Kataluniako Legebiltzarrerako bederatzigarren hauteskundeak izan dituzte gaurkoak. 5.363.356 lagun zeuden botoa ematera deituta. 2.721 hautesleku egon dira zabalik 20:00ak arte, eta guztira 114 zerrenda zeuden aukeran.
Kataluniako Legebiltzarrerako Hauteskundeak
CiU lehendakaritzara itzuliko da, eta PSCk eta ERCk porrota jaso dute
Botoen %100 zenbatuta daudela, CiUk 62 parlamentari lortu ditu; 68an dago gehiengo osoa (2006tik +14 irabazi ditu). PSCk 28 (-9), PPk 18 (+4), ICVk 10 (-2), ERCk 10 (-11), Solidaritat independentistak 4 (lehen aldiz aurkeztu da) eta Ciutadansek 3 (berdin). Emaitza ofizialak hemen. Montilla ez da PSCko idazkari nagusi postura aurkeztuko berriro. %60koa izan da parte-hartzea, %4 handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu