Katalunian burujabetzaren inguruko kontsultaren alde dauden alderdiek ebazpenerako proposamen bateratu bat aurkeztuko dute bihar parlamentuan, Kataluniako hedabideek argitaratu dutenez. Politika orokorraren inguruko debatean aurkeztuko den ebazpen nagusia izango da. Bertan, lau alderdiek kontsulta azaroaren 9an egiteko konpromisoari eutsiko diote, bi baldintza nagusirekin: "marko legalen barnean" egitea, eta "berme demokratiko posible guztiekin". Termino horien inguruan zehaztasun gehiago ez dute eman, oraingoz.
CiUk, ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek adierazi dute 2013an Kataluniako Parlamentuak egindako burujabetza adierazpenak indarrean segitzen duela, eta horrek markatutako printzipioak jarraituko dituela "prozesu demokratikoak".
Lau alderdiek diotenez, Berme Estatutarioen Kontseiluak ebatzi du Kataluniako kontsulta legearen artikulu guztiak "konstituzionalak eta estatutarioak" direla, eta diote, halaber, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak burujabetzaren inguruko sententzian ez duela kontsulta debekatzen. "Argudio juridiko nahikoak badaude kontsulta deitzeko beharrezko egitura juridikoa osatzeko, era esplizituan onartzen baitute printzipio demokratikoa".