Katalunia

Ciutadansek Konstituzionalean salatuko du Cominen boto delegatua

Toni Comin ERCko diputatu erbesteratuak lehenengoz erabili du boto delegatua, Sergi Sabria taldekidearen bitartez, parlamentuko mahaiak ahalbidetuta.

Sergi Sabria ERCko diputatua, Kataluniako Parlamentuaren gaurko osoko bilkuran, auzipetutako diputatu independentisten omenezko xingola hori bat egokitzen. QUQUE GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 25a
15:48
Entzun

Kataluniako Parlamentuaren gaurko osoko bilkuran bozkatu du lehenengoz Toni Comin ERCko diputatu erbesteratuak, boto delegatu bidez. Bere taldeko parlamentari Sergi Sabriak eman du botoa Cominen izenean, atzo, parlamentuko mahaiak Comini botoa delegatzeko aukera onartu ostean. Aurretik, Carles Puigdemont JxCko diputatu erbesteratuari ere aitortu dio botoa delegatzeko ahala. Ciutadans mahiaren erabakiaren kontra agertu da, eta iragarri du babes helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean, Cominen eta Puigdemonten boto delegatua onartzeko erabakiaren kontra.

Ciutadansek erabakia berriz hausnartzeko eskatu dio mahaiari, baina hark baztertu egin du alderdiaren eskaria. Cominen eta Puigdemonten boto delegatuaren kontra parlamentuan har zitzaketen neurriak agortuta eta "gobernu espainiarraren gelditasunaren aurrean", Konstituzionalera joko dutela iragarri du Ines Arrimadas Ciutadanseko bozeramaileak.

Bi diputatu independentisten boto delegatuaren kontrako neurriak hartzeko eskatu dio Ciutadansek Espainiako Gobernuari. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "legezko neurriak" iragarri zituen, atzo, "egun indarrean den legediaren kontrako" erabakien kontra.

Puigdemonten eta Cominen botoak ezinbestekoak dira JxCk eta ERCk gehiengo soila izan dezaten —beti ere, CUPen abstentzioarekin—. Egoera horrek ahalbidetu dezake bi alderdi independentista nagusiek adostutako hautagai bat Generalitateko presidente izendatzea, maiatzaren 22ko epemugaren aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.