Clara Ponsati baldintzapean aske utzi du Eskoziak

Epaileak pasaportea erretiratu dio.

2018ko martxoaren 28a
09:43
Entzun

Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohia baldintzapean aske utzi du deklarazioa hartu dion Edinburgoko epaileak. Behin behinean, pasaportea erretiratu dio.

Ponsatk Eskoziako Poliziaren aurrean aurkeztu du bere burua gaur goizean, Espainiak haren kontra ezarri duen euroagindua dela eta. Espainiako Auzitegi Gorenak auzipetu egin du Kataluniako erreferendumarekin lotutako auzian: matxinada delitua eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatu dizkio.

Ponsatik Edinburgoko epaile baten aurrean deklaratu du eta hark erabaki behar zuen Ponsati espetxeratu ala baldintzapean aske uzten zuen, Espainiaren estradizio eskaria aztertzeko prozesuak iraun bitartean. Kontseilari ohia baldintzapean aske uztea erabaki du, pasaportea erretiratuta.

Ponsatiren abokatu Aamer Anwarrek adierazi du Ponsati ez dela Eskoziako Justiziari izkin egiten saiatu. Abokatuaren esanetan, Espainiako Justiziak ez ditu bermatzen giza eskubideak eta oinarri demokratikoak.

Ponsati Bruselan egon da erbesteratuta bere egoera berean ziren Kataluniako Gobernuko kide kargugabetuekin batera. Duela aste batzuk, Eskoziara joan zen, Saint Andrews unibertsitatean eskolak ematera. Unibertsitate horretako irakasle zen Kataluniako Gobernuan ardura hartu aurretik, eta unibertsitateko errektoreak lagunduta joan da epailearen aurrera.

Defentsa gastuei aurre egiteko, dirua biltzeko kanpaina abiatu du Ponsatik, eta babesa eskatu du sare sozialetan zabaldu duen mezuaren bidez.

Poliziaren aurrean aurkeztu aurretik, esker oneko mezua utzi die Ponsantik bere defentsarako ekarpena egin dutenei, Kataluniako prozesu subiranistari babesa agertu diotenei eta demokrazia defendatu dutenei.

Halaber, Ponsatik eskerrak eman dizkio Eskoziako Gobernuari eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari, eskaini dioten laguntzarengatik.

Puigdemontekin zihoazen mossoak, atxilotuta

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua Alemanian atxilotu zuten unean berarekin ziren bi mossoak atxilotu ditu Espainiako Poliziak, estaltze delitua leporatuta.

Bi mossoetako bat Brusselatik Kataluniara itzuli denean atxilotu dute, eta bestea, bere etxebizitzatik gertu atzeman dute.

Bi mosso horiez gain, Puigdemont atxiloketaren unean laguntzen ari ziren beste bi gizon ere ikertzen ari da fiskaltza: Puigdemonten lagun Josep Maria Matamala eta Josep Lluis Alay historialaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.