Clintonek Israelekiko lankidetza sakondu nahi du

Elkarrekin «buru argi, ausardia eta sormenarekin» jokatzea proposatu diote AEBek Tel Avivi

Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Ziurtasunik gabeko garaiotan» AEBek eta Israelek elkarrekin jokatu behar dutela uste du Hillary Clintonek, Washingtongo Estatu idazkariak, eta lankidetza sakontzea proposatu dio Tel Avivi. «Oraingoak bezalako garaietan gu bezalako lagunek elkarrekin jokatu behar dute. Buru argiak izan behar dugu, eta ausartak, sormena erabili. Inork baino hobeto daki hori Simon Peresek [Israelgo presidenteak]».

Jerusalemera joan da Clinton, Peresekin eta Israelgo gobernuko zenbait ministrorekin biltzeko. 2010ean ez bezala, oraingoan ez da Ramallahera joan Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin berba egitera: Salam Fayyad lehen ministro palestinarrarekin bildu da Jerusalemen.

«Ziurtasunik gabeko garaiak» aipatzean, bereziki Iranen programa nuklearraz ari da Clinton, eta, «mehatxu» horri erantzuteko, koordinazioa eskatu du.

Egipto, Siria eta etxekoak

Ez da Iran izan Washingtonen eta Israelen arteko bileran jorratutako gai bakarra. Ziurgabetasun ugarik inguratzen dute aspaldian Israel, eta guztien inguruan aritu dira bi herrialdeetako ordezkariak.

Egiptoko presidentetza Anaia Musulmanen esku egoteak urduritu egin du Tel Aviv, 1979ko bake ituna apurtu dezaketelakoan. Clintonek Egiptoko trantsizioa babestu zuen domekan Kairon, eta lasaitasun mezua helarazi dio Peresi. Israelgo presidentearen arabera, Egipto herrialde garrantzitsua da Ekialde Hurbilean, eta AEBek zein Tel Avivek interesa dute harekin bakean jarraitzeko. Bestalde, Siriako gatazkaz ere aritu dira, eta baita palestinarren auziaz ere.

Hala ere, etxean du ziurgabetasunik handiena orain Israelek. Alde batetik, gobernu koalizioa kolokan dago, ultraortrodoxoak soldaduska egitera behartuko lituzkeen lege proposamenagatik; bestetik, asteburuan lagun batek manifestazio batean bere buruari su eman izanak haserretuen mugimendua indartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.