Klimari buruzko Parisko goi bileran jarritako helburu nagusia lortzeko —1,5 gradura mugatzea Lurraren berotzea—, %43 jaitsi beharko lirateke berotegi gasen isurketak hamarkada honetan. Errealitateak, baina, ez du erakutsi joera aldaketarik oraingoz. Global Carbon Projectek egindako karbono dioxidoari (CO2) buruzko isurketen urteko txostenaren arabera, berriz ere goia joko du aurten atmosferara isuritako CO2 kantitateak: 40.900 milioi tona isuri dira, iaz baino %0,5 gehiago. Iaz, 40.600 milioi tona isuri ziren. Hazkunde apala bada ere, handiagoa da erregai fosilen erabilerari lotutako isurketen hazkundea: %1,1, hain zuzen ere, 36.800 milioi tona. 2019koekin alderatuta, erregai fosilek eragindako isurketak %1,4 handiagoak izango dira 2023koak, ikerlanaren arabera. Guztizko isurketei dagokienez, baina, 2019an ezarritako errekorraren pare izango dira aurtengoak, orduan ere 40.900 milioi tona izan baitziren.
Lurraren erabilerari lotutako CO2 isurketak —4.100 milioi tona— %5,1 jaitsi dira iazkoen aldean. Atal horretan, deforestazioak garrantzi handia izaten du, eta aurten Amazonian izandako deforestazioaren apaltzeak eragina izan du horretan. Alabaina, jaitsiera garrantzitsua bada ere, ez du lortzen orekatzea erregai fosilen erabilerari lotutako isurketetan izandako hazkundea.
Dubain egiten ari den COP28 goi bileraren testuinguruan aurkeztu dute karbono dioxidoari buruzko urteko txostena, Global Carbon Budget izenekoa. Lan hori hemezortzi herrialdetako 120 ikertzailek egiten dute, mundu osoko 90 erakundek lagunduta.
Erregai fosilen erabilerari lotutako isurketek ez dute hazkunde bera izan munduko herrialde guztietan. Hazkunderik handiena Asiako bi herrialde nagusietan izan da: Txinan (+%4) eta Indian (+%8,2). Europako Batasunean eta AEBetan jaitsi egingo dira isurketak; %7,4 eta %3, hurrenez hurren. Munduko gainerako tokietan, batez beste, %0,4 gutxituko dira isurketak, 2022koen aldean.
Hiru dira munduan gehien erabiltzen diren erregai fosilak —ikatza, petrolioa eta gasa—, eta hirurei lotutako isurketak handitu dira iazkoen aldean: ikatzari lotutako isurketak %1,1 handiagoak izan dira; petrolioak eragindakoak, %1,5; eta gasak sortutakoak, berriz, %0,5. Gauzak hala, atmosferan pilatutako CO2 419,3 milioi parte (ppm) izango da, industria aurreko garaian baino %51 handiagoa. Gizakien jardueren ondorioz urtero isurtzen den karbono dioxidoaren %53 inguru oihanek eta itsasoek xurgatzen dute, eta gainerako %47a atmosferan pilatzen da. Txostenaren egileek neurtu dute karbonoa xurgatzeko teknologia berriek bildutakoa: 0,01 milioi tona; beraz, oso urruti erregai fosilek sortzen duten CO2 kantitateari aurre egiteko beharko litzatekeenetik.
Lurrari lotutako isurketak txikiagoak izan badira ere, suteek eragindako isurketen hazkundea nabarmendu dute txostenaren egileek, bereziki udan Kanadan erretako basoen eraginez sortutakoak. Kalkulatu dute 1.800 eta 3.700 milioi tona karbono dioxido artean isuri zirela sute horien ondorioz. Gauzak hala, azken urteotako batez bestekoa halako zortzi izango dira 2023an suteek eragindako isurketak.
Hazkundearen erritmoa, moteltzen
Txostenaren egileek berretsi dute CO2 isurketen hazkundea moteltzen ari dela, eta azken urteotako «lautadan» daudela oraindik. 2003tik 2012ra bitarte hazkunde handia izan zuten isurketek, eta urtero, batez beste, %2,1 handitu ziren. Geroztik, aurten arte, %0,14koa izan da hazkundea. Baina txostenaren egileek nabarmen dute hori ez dela nahikoa planetaren berotzea 1,5 gradura mugatzeko. Ildo horretan, egungo isurketen joerari erreparatuz, Global Carbon Projectek kalkulatu du %50eko aukera dagoela zazpi bat urteren buruan berotze globala etengabe 1,5 gradutik gorakoa izateko. Alde horretatik, nabarmendu du «azkar agortzen» ari dela 1,5 graduko helburua lortzeko eta klima aldaketaren eragin larrienak saihesteko geratzen den denbora. Gaur egun, industria aurreko aroarekin alderatuta, 1,2 gradu altuagoa da munduko batez besteko tenperatura. 2023a inoizko urterik beroena izateko bidean dago, eta aurtengo batez besteko tenperatura 1,45 gradu inguru altuagoa litzatekeela iragarri dute adituek.