Azkeneko asteetan alde askotatik jaso ditu presioak Ada Colauren alderdiak, PSCrekin harremanak eten ditzan. Bi alderdiek hitzarmena egin zuten, udal gobernua osatzeko, eta elkarrekin agintzen dute Kataluniako hiriburuan. Zenbait udaletan, PDECatek eta ERCk dagoeneko hautsi dituzte harremanak PSCrekin, konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko sozialistek PPri emandako babesa salatuz.
Eskakizun horiei aterabidea eman die Colauren alderdiak. Barcelona En Comu alderdiak bilera egin du gaur, egoeraren azterketa bat egiteko, eta erabaki du kontsulta bat egitea bere oinarria osatzen duten pertsonen artean. 10.000 bat lagun dira, eta datorren asteazkenean izango dute erabakitzeko aukera. Internet bidez eman ahal izango dute botoa, eta emaitza loteslea izango da.