Colonnaren hilketaren aferan agintariek egindako «hutsegiteak» salatu dituzte

Diputatuek urte erdiko ikerketa parlamentarioaren ondorioak jakinarazi dituzte, eta 29 gomendio eman; tartean, DPS estatusa «ezinbestean erreformatzea»

Yvan Colonnaren aldeko pintada bat, artxiboko irudi batean. BERRIA.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Yvan Colonna Korsikako militante independentistaren hilketaren aferan «hutsegiteak», «ekintzarik eza» eta legea «ez betetzea» izan ziren nagusi agintarien artean, heriotza horri buruzko Frantziako Asanblearen ikerketa batzordeak ondorioztatu duenez. Bide beretik, Jean-Felix Acquaviva diputatu autonomista buru duen lantaldeak salatu du «zaintza falta» izan zela Arlesko presondegian (Okzitania), eta Colonnaren kontrako erasoa «luzatu egin» zela «esplikaezina den modu batean».

Sei hilabetez 71 lagun entzun ondoren, batzorde parlamentarioak atzo eman zuen ikerketaren ondorioen berri, xehetasunez beteriko 218 orrialdeko txosten baten bidez. Diputatuek arreta jarri dute, bereziki, militante independentistaren eta haren erasotzailearen espetxealdien «kudeaketan», biek ala biek baitzuten DPS bereziki zainduriko presoen estatusa; eta ondorioa zera da: desberdina izan zela bientzat, ia kontrakoa.

Colonna 2003tik zegoen kartzelan, eta bizi guztiko kartzela zigorra ari zen betetzen, Claude Erignac prefetaren (1998) hilketagatik zigortu baitzuten. Iazko martxoaren 2an, jihadismoagatik zigorturiko preso batek militante independentista jipoitu zuen Arlesko espetxean, argudiatuta «profetari birao» egin ziola, eta koman utzi zuen. Azkenean, hil horren 21ean hil zen, Marseillako ospitale batean.

Erasoak zortzi minutu iraun zuen, eta horrek haserrea eta harridura eragin zuen, DPS estatusa duten presoak bereziki zainduak daudelako, estatusaren izenak berak dioen modura. Eta, hortaz, hori izan zen aferari buruzko galderetako bat: zergatik geratu ziren erasotzailea eta Colonna bakar-bakarrik hamabost minutuz? Are, jipoia kirola egiteko gela batean izan zen, eta han bazen zaintzarako kamera bat; inor ez zen agertu harik eta erasotzaileak, erasoaren ondoren, abisua eman zuen arte, agenteei ohartarazi baitzien Korsikako presoa «gaizki» zegoela.

Presondegiko zuzendari Laurent Ridelek, ikerketa batzordean horretaz galdetu ziotenean, erantzun zuen harrituta zegoela «planeten lerrokatze» horrengatik, eta esan zuen «batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen» duela. Horrek agerian utzi du, ikerlarien ustez, «giza baliabideen falta» nabarmena izan zela, baita «formakuntzarakoak» ere; finean, zaintzaren kudeaketan «hutsegiteak» izan zirela, eta arazo hori lehenagotik zetorrela. Hau da, «disfuntzio larriak» izan zirela.

Ondorio horiek, gutxi gorabehera, IGJ Justiziaren Ikuskaritza Nagusiaren ikerketaren antzekoak dira; IGJ justiziarekin zerikusia duten zerbitzuak ikertzeaz arduratzen da, Frantziako Justizia Ministerioaren izenean, eta joan den uztailean eman zuen ikerketaren berri.

«Estatuak egin behar zuena»

Ondorioei buruzko dokumentuan, ikerketa batzorde parlamentarioak prefeten arteko elkarrizketa bat argitaratu du, izen-abizenik eman gabe; erasoa gertatu eta hamar bat egunera izan zen, eta, horretan, Frantziako Estatuaren ordezkarietako batek zera dio: «Beste atxilotuak garai hartan estatuak egin behar zuena besterik ez du egin». Diputatu autonomistak testuan dioenez, esaldi horrek erakusten du «haserre» eta «mendeku» testuinguru bat zegoela.

Txostenak, itxura guztien arabera, zeresan handia izango du. Laurent Marcangeli Korsikako diputatu eskuindar eta txostenaren egileak testuaren berri eman zuen atzo egindako agerraldi batean, eta azaldu zuen 29 gomendio proposatu dituztela, hiru zatitan banatuta: DPS estatusa «ezinbestean erreformatzea»; «atxilotu erradikalizatu arriskutsuak zaintzea eta horiek detektatzeko» neurriak «indartzea»; eta «buru nahasmenduak» dituztenez «hobeto arduratzea».

Horietaz, Marcangelik esan zuen beharrezkoa dela DPS estatusa dutenen «izaera» kontuan hartzea, hau da, estatus hori «pertsonalizatzea», argudiatuta Colonnak ez zuela arazorik eman espetxean izan zen garaian; aldiz, haren erasotzaileak bai, eta horrek, diputatuaren ustez, justifikatu egiten du aldaketa bat egitea. «Franck Elong Aberen [erasotzailearen] ibilbideak eskatzen zuen arreta handiagoa jartzea harengan».

Colonnaren heriotzaren aferan «alde ilun asko» daudela kritikatu izan du hilabeteotan Acquavivak. Horren inguruan, ikerketa batzorde parlamentarioak ez du gauza askorik esan, espero baitu ikerketa judizialak argituko duela hori. Erasotzaileari heriotza leporatu diote, eta, oraingoz, mahai gainean daude hilketaren arrazoiei buruzko hipotesi guztiak. Baina, diputatu autonomistak atzoko agerraldian esan zuenez, gauza bat argi dago: Colonnaren hilketa «estatu afera bat da jada».

Heriotza horien ondorioz, DPS estatusa kendu eta Korsikara hurbildu zituzten Alain Ferrandi eta Pierre Alessandri presoak. Horrekin batera, autonomiari buruzko negoziazioak hasi zituen Parisek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.