Belemetik (Brasil) itzuli berritan eta «nekatuta» harrapatu du BERRIAk Maria Jose Sanz (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1967), BC3 zentroko zuzendaria. COP30 biltzarreko negoziazioetan egon da, eta besteak beste, emakumeek klima ekintzan duten rolari buruzko mahai inguru batean parte hartu. Azkenean erregai fosilei aipamenik egin ez bazaie ere, gauza garrantzitsu batzuk adostu direla nabarmendu du, eta gehitu multilateralismoaren rola goratu dutela.
Zer espero zenuten biltzarraren aurretik?
Brasilgo presidentetza oso aktibo ibili da biltzarraren aurretik. Erregai fosilak ahalik eta lasterren amaiarazteari buruzko aipamen bat onartzea zen helburua, baina azkenean ez da onartu, aipamen horrek eztabaida handia sortu zuen eta.
Ezustea izan al zen presidentetzak proposatu izana bide orri bat garatzea erregai fosilak alboratzeko?
Ez, hori beti dago mahai gainean. Beti hitz egin izan da isuriak murrizteko gero eta urrats handiagoak egiteari buruz, eta hori lortzeko erronkarik handiena erregai fosilak desagerraraztea da. Hori beti eztabaidatzen da; COP batzuetan gehiago lortzen da, eta beste batzuetan gutxiago. Dubain, 2023an aipamen bat egitea lortu zen; ez zen aipamen handia, baina hor dago. Bakun, iaz, ez zen aurrerapauso handirik lortu, eta Belemen ere, gai horri dagokionez ez, baina lortu da erabaki interesgarri batzuk hartzea. Adibidez, ontzat jo da trantsizio justu bat egiteko mekanismo bat sortzea, eta horrek zera esan nahi du: herrialde denak ados daude trantsizio bat dagoela, eta, nahiz eta abiadurari dagokionez ados ez egon, onartzen dute trantsizio horrek justua izan behar duela. Eta hori inoiz ikusi gabea zen, inoiz ez baitzen horri buruz hitz egina COPetan.
Zure ustez, bide orri hori zergatik ez da aurrera atera?
Arazoa da herrialde askok oraindik ez dutela modurik topatu aldaketek ez diezaioten kalte egin ekonomiari, eta bideak aurkitu behar dituzte ongizate estatuari eusteko. Eztabaidak gelditzen edo moteltzen dituztenek ez dakite oraindik nola dibertsifikatu beren ekonomia erregai fosilik gabe.
«Garbi geratu da egokitzea oso garrantzitsua dela, eta generoari buruzko erabakia azkar hartu da. Baina erregai fosilak ez aipatzeak ilundu egin du biltzarra»
MARIA JOSE SANZ BC3ko ikertzailea
Nola bizi izan zenituen negoziazioen azken egunak?
Esperantza genuen, eta hori 83 herrialderen jarreran gauzatu zen, jendaurrean erakutsi baitute erregai fosilik gabeko etorkizun bat nahi dutela, eta hori itxaropenerako seinale bat da, erakusten baitu asko direla halako etorkizun baten aldekoak, eta hori gauzatzeko asmoa dutela, nahiz eta badirudien oraingoz prozesuaren abiadura ez den haiek nahi bezalakoa.
Gogorrak izan al ziren bi bloke nagusien arteko eztabaidak?
Kontsulta asko izan ziren, eta presidentetzak lan bilateral handia izan zuen. Nolabait esateko, tentsio handiko negoziazioak izan ziren, eta noiz edo noiz pentsatu genuen ez zela ezer aterako. Baina azkenean lortu zen akordio bat, minimoa, baina hor dago. Uste dut negoziazioetako helbururik handienetako bat zela prozesu multilaterala bizirik eustea, horixe baita halako eztabaidak egiteko moduko esparru bakarra; bestela, oso zaila da modu koordinatuan aurrera egitea.
Zer sentipen izan zenuen egun horietan?
Erabaki garrantzitsuren bat izan zenez, jendea pozik zegoen. Trantsizio justurako mekanismoa onartu da, garbi geratu da egokitzea oso garrantzitsua dela ere, eta generoari buruzko erabakia ere azkar hartu da. Baina erregai fosilak ez aipatzeak ilundu egin du biltzarra.