Atxilotu aurretik prentsaurrekoa eman dute, esateko ez dutela Espainiako Justizia onartzen, botere banaketa bermatzen ez duelako. Prentsaurrekoa eman ondoren joan dira udaletxera.
Reusko 2. instrukzio epaitegiko epaileak gaur goizean agindu du Llorens eta Ciurana atxilotzeko. Urriaren 1ean Espainiako Poliziaren kontra gorrotoa eragitea leporatzen diete biei. Mariona Quadrada, berriz, CUPeko Reusko zinegotzia hori ere, deklaratzera deitu dute bigarren aldiz, eta oraingoz ez dute haren kontrako atxiloketa agindurik ezarri. Litekeena da Llorens eta Ciurana aske uztea atxilotu eta gero, baina karguekin. Haien abokatuak saiatu dira gaua atxilotuta igaro ez dezaten, baina hala egin beharko dute. Bihar eramango dituzte epailearengana, deklaratzera.
Mobilizazioak egin dituzte Reusen; 1.000 bat lagun atera dira kalera atxiloketak salatzera. CUPeko zinegotziek honela erantzun diote atxiloketa aginduari: "Atxiloketa aginduaren berri eman digute, U-1eko mobilizazioak direla eta. Estatuaren errepresioaren aurrean, zutik jarraituko dugu, pozik eta borrokan. Kaleak beti izango dira gureak".
"Estatu zapaltzailea"
CUPek atxilotuen hitzekin bi bideo zabaldu ditu twitterren. Ciuranak salatu du "estatu zapaltzaile" batek atxilotu duela, "justizia politizatuta" dagoelako. Llorens agertzen den bideoak ere formatu berbera du. Bere ideiekin kontsekuente izateagatik, eta oinarrizko eskubideak baliatzeagatik eraman dutela atxilo salatu du.
Avui han detingut la regidora Marta Llorens de la @cupreus per haver fet ús de drets fonamentals com el de manifestació o la llibertat d'expressió! #Somllavor@cupnacional@ANC_Reus@CDRReus@omniumbaixcamp@XaviMilian@CasalDPF@EdgarFdz@oriolciurana84@XaviAngelerguespic.twitter.com/Y73HVDQHRx
— CUP Reus (@CUPReus) 2017(e)ko abenduak 27