Dagestanen sei polizia hil ditu ekintzaile batek, bonba-auto bat leherrarazita

Hamar bat polizia zauritu dira erasoan, Makhatxkala hirian; ekintzailea atentatuan hil da

Erredakzioa
2010eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dagestango hiriburu Makhatxkalan (Errusiako Federazioa) atzo gertatutako eraso suizida baten ondorioz, zazpi lagunek bizia galdu zuten, hots, sei poliziak eta ekintzaileak berak. Hamar polizia ere zauritu ziren erasoan, bonba-auto batek eztanda eginda.

Erasoa 08:00ak baino apurtxo bat lehenago jazo zen (07:00ak, Euskal Herrian), ibilgailu bat gidatzen zuen ekintzailea Poliziaren egoitzan sartzen saiatu zelarik. Zaindariek, baina, ez zioten sartzen utzi, eta hori ikustean, ekintzaileak zartarazi egin zituen autoan ezkutatutako lehergaiak. Hori gertatu zenean, Poliziaren ibilgailu bat egoitzatik ateratzen ari zen eta bertan zihoazenak bete-betean harrapatu zituen leherketak. Horrek, nolanahi ere, kalteak eragin ditu 200 metro inguruan zeuden eraikin eta ibilgailuetan. Poliziako adituen arabera, zartarazitako ibilgailuaren barruan, 50 eta 60 kilo lehergai bitartean zegoen.

Medvedeven kezkak

Dagestan Kaukasoko herrialdeetatik bat da, eta Txetxeniarekiko mugan dago. Azken hilabeteotan, Moskuk muturreko ekintzaile islamisten bizkar jarri dituen atentatuak areagotu dira.

Iazko azaroan, Errusiako presidente Dmitri Medvedevek kezkatuta hitz egin zuen, Dagestanen indarkeria hazten ari delako. Presidente errusiarraren esanetan, herrialdean duten pobreziak, etsipenak eta agintarien ustelkeriak «mesede egiten diete terroristei».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.