Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek hauteskundeak aurreratu ditu azaroaren 1era, aurreikusi baino zazpi hilabete lehenago, gobernu sozialdemokrata babesten duten alderdiek hala behartuta. Hain zuzen, Alderdi Sozial Liberalak ohartarazi zuen Frederiksenen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko zuela baldin eta urte politikoaren hasieran bozetara deitzen ez bazuen.
Alderdi Sozial Liberalak gobernua kritikatu zuen ekainean, koronabirusaren mutazio baten ondorioz gobernuak milioika bisoi sakrifikatzeko egindako kudeaketa desegokiagatik.
Frederiksenek, berriz, esan du «bitxia» egin zaiola hauteskundeak aurreratzea «nazioarteko krisi «energetiko, ekonomiko eta seguru baten erdian egonda». Bozak irabaziz gero bere alderdiak gobernu zabal bat osatzearen alde egingo duela ziurtatu du. «Prest gaude bai konpromisoetarako, bai lankidetzarako, bizi dugun garai zailari aurre egiteko. Unea heldu da Danimarkan gobernu berri bat osatzeko», nabarmendu du Frederiksenek.
Sozialdemokratak alderdiak parlamentuko 149 eserlekuetatik 49 eskuratu zituen azken bozetan, 2019an, eta Alderdi Popular Sozialistaren (15), Alderdi Sozial Liberalaren (14) eta Aliantza Gorri-Berdearen (13) babesa izan du gehiengoa osatzeko.