Txadekin eta Afrika Erdialdeko Errepublikarekin egiten du muga Darfurrek, eta 196.555 kilometro koadro inguru ditu, Frantziak adina, gutxi gorabehera. Desplazatuak kontuan hartuta, 3,1 milioi biztanle ditu. Ekonomia batez ere nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen da. Behiala esklabuak herrialde arabiarretara eramateko bidea izan zen, eta egun Sudan bezala etnia ugariz osatua dago. Fur etniaz gain, massalit eta zaghawa etniak dira afrikar jatorrikoak, eta baggarak, aldiz, Arabiako penintsulan du sorburua. Afrikar jatorrikoak gehienbat sedentarioak diren bitartean, arabiar jatorriko biztanleak nomadak dira. Guztiak ere, musulmanak.
International Herald Tribune egunkarirako idazten duen R.S O'Fahey historiagileak dio Darfurko egungo gatazka 1650tik XX. mendea arte iraun zuen sultanatoan izandakoa baino «odoltsuagoa» dela. Orduan talde etniko nagusietatik zetozen pertsonek osatutako elite batek agintzen zuen, eta etnia nomadak kontrolpean, batzuetan, eta eskualdetik at, besteetan, mantentzen zituzten. 1916 eta 1956 artean Erresuma Batuko ofizialek agindu zuten Darfurren. Eskualdea atzeratuta zegoen eta gazteek ekialderantz jotzen zuten Nilo Urdin eta Zuriaren arteko kotoi soroetan lan egiteko. 60ko hamarkada arte ez ziren Darfurko arabiar eta ez-arabiarrak Sudango politikagintzan sartu.
Hondamendirako bidean
Egungo krisiaren sustraietako bat 80ko hamarkadan izandako idorte luzeek eragindako desertifikazioan datza. Darfurreko ipar zein erdialdean basamortuak are eremu zabalagoa hartu izanak urarekiko eta bazkalekuekiko istiluak piztu zituen nekazarien eta nomada abeltzainen artean. Putzuak erabiltzeagatik liskarrak izanak ziren aurreko mendeetan, baina lantzen bidez edota akordioak eginda finkatzen zen erabilera. Haatik, suzko armekin egoerak okerrera egin zuen.
80ko hamarkadan Sudango lehen ministro izan zen Sadik alMahdik arabieraz mintzo ziren nomada abeltzainei baggarak armak emateko erabakiak ez zituen gauzak konpondu. Arma horiek, teorian, SPLA Sudan Askatzeko Herri Armadaren kontra gobernu islamistari aurre egiten dion kristauz eta animistaz osatutako mugimendua borrokatzeko ziren.
Aitzitik, baggara armatuak iparraldeko bizilagunen, hots, fur, massalit eta beste etnien, aurka ekiten hasi ziren. SPLAk egoera korapilatu zuen, Darfurko hegoaldean fronte bat irekitzen saiatu zenean. Orduan, arabiar jatorriko zein kulturako miliziak lehen Murahilin deituak, orain Janjaweed Gobernuaren kontroletik kanpo jarduten hasi ziren.1989an Omar Hassan al Bashirrek kolpe militarra eman zuen eta 1993an presidente izendatu zuten. Haren agintepean gatazka larriagotu egin da, batez ere arrazakeria areagotu delako. Sudango Gobernua islamista izateak eta 1983tik sharialege islamiako indarrean egoteak liskarrak areagotu ditu hegoaldeko biztanle kristau eta animistekin.Halaber, etnia zein kultura arabiarra bultzatzen du, gainerakoak baztertuta. Etnien araberako banaketa eta borrokak direla eta batzuek arabiar deitzen diete beren buruei; beste batzuek, aldiz, zurq (beltz urdinak). O'Faheyren ustetan, Khartumgo gobernuak «arrazakeria bultzatzen» du, Darfurren kontrola atxiki nahi duelako, bereziki bertatik oliobide bat pasarazteko posibilitatea dagoelako. «Arrunt zaila izango da Janjaweed miliziak geldiaraztea; ideologia arrazista erabat garatua dute, baita gerlari kultura ere. Gainera, arma, ganbelu eta zaldi franko dituzte; oraindik ere Darfurren barrena mugitzeko modurik errazenak, azken horiek. Zaila izango da Darfurreko genozidioa bukatzea, baita nazioartea horretan saiatzen bada ere».Darfurren sortu baina Sudan osoko gatazka konpontzeko xedea duen SLM Sudan Askatzeko Mugimendua eta MJE Justizia eta Berdintasunaren aldeko Mugimendua duela urte eta erdi altxatu ziren Sudango Armadaren eta Gobernuaren aldeko janjaweed milizien kontra. SLMko buruetako batek, Meny Arku Menawyk, herenegun salatu zuenez, iragan larunbatean Niala hirian 60 pertsona hil zituzten janjaweed milizianoek. «Al Bashir presidentea janjaweeden buruzagiekin bildu ondoren egin zuten sarraskia.
«Garbiketa etnikoa»
Jatorri afrikarreko tribuek eta giza eskubideen aldeko erakundeek Al Bashirren gobernuari leporatzen diote janjaweedak laguntzeaz eta «garbiketa etnikoa» egitera bultzatzeaz.
«Erasoetatik ihesi, batera eta bestera jo dute herritarrek. Orain hirien inguruan kokatu dira, plastikozko dendetan», jakinarazi du Gurutze Gorriko langile Esther Lopezek. Erakundearen arabera, Darfurren 850.000 barne desplazatu daude eta Txaden, aldiz, 150.000 errefuxiatu, gehienak emakumeak eta haurrak. «Apenas geratzen zaizkien zerealak. Gerrak uzta biltzea eragotzi du; elikagai erreserbak ahitu dira eta soroak kiskalita. Elgorria bezalako gaitzak hedatzen hasiak dira». Gainera, arazo humanitarioak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Darfurren egoerak oso larri dirauen bitartean, gainerako lurraldeetan esperantza izpi bat indar daitekeela dirudi: SPLAk eta Sudango Gobernuak bien aldeko armistiziorako protokoloa sinatuko dute gaur Kenian. 20 urteko gerra zibilaren bukaeraren hasiera ote?
-
Darfurko matxinada
2004ko urtarrila: Darfurko mendebaldean matxinatutakoak menpean hartzeko sartu zen Sudango Armada. 100.000 pertsona baino gehiagok Txadera jo zuen, aterpe bila.
2004ko martxoa: NBEko ordezkari batek salatu zuen gobernuaren aldeko milizia arabiarrak afrikar jatorriko herritarrak sistematikoki hiltzen ari zirela Darfurren.
2004ko maiatza: Darfurko borrokak Txadera hedatu dira. Bertan, Txadeko soldaduak Sudango Gobernuaren aldeko milizien kontra borrokatzen dira.