Darfurren «nazioarteko krimenak» egitea leporatu dio Sudani NBEk

Darfurko herritarrak ez babestea leporatu diote, krimenak «antolatu» eta horietan «parte hartzea»

arantxa iraola
2007ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak salaketa gordinak egin ditu Sudango Gobernuak Darfurko auzian duen jarreraren inguruan; «nazioarte mailako krimenak» egotzi dizkiogatazka horretan. Sudanek ez du neurririk hartu herritarrak babesteko, eta, areago, haien kontra egitea leporatu dio: «Darfurren egin diren nazioarteko krimenen aurrean biztanleak babesteko orduan, bera aritu da krimenak antolatzen eta horietan parte hartzen». Jody Williams 1997ko Bakearen Nobel Sariak plazaratu zuen atzo Genevan (Suitza) NBEk Sudango egoera aztertuta egin duen txostena. Gogoan izan zituen txostena egiteko izan dituzten nekeak, izan ere, Sudango Gobernuak herrialdean sartzea egotzi zien, eta Etiopia eta inguruko herrialdeetatik egin behar izan dute.

Darfurko egoera «oso larria» dela ondorioztatu dute txostenean. Giza eskubideak «sistematikoki» apurtzen dira Darfurren, eta nazioarteko legeriak ez dira betetzen. Mutzokako bortxaketak eta bahiketak aipatu dituzte txostenean. Gobernuari Janjuid milizietarako jendea errekrutatzea eta horiek egiten dituzten ankerkeriatan parte hartzea egotzi diote. Talde hauek ez ezik, erroboltariek osatutakoek ere giza eskubideak apurtzen dituztela salatu dute.

Deskribatzen duten errealitatea ez da berria. 2003ko otsailean, SLA Sudan Askatzeko Armadak eta JEM Berdintasunaren Mugimenduak Darfurko herritarrak baztertuta zeudela salatuz Sudango Gobernuaren kontra egin zutenetik, han ez bakerik izan. Berehala erantzun zuten Gobernuaren aldeko taldeek, eta ordutik albiste onik apenas heldu den Darfutik: 200.000 lagun hil dira gatazkaren ondorioz, eta bi milioi lagun ihes egin beharrean aurkitu dira. Gehienak Txadeko mugan daude, pilatuta, baldintza gordinetan. Sudango Gobernuak, gainera, uko egin dio beti gatazkaren larritasuna onartzeari, eta muzin egiten dio, halaber, nazioarteko indarrek auzian parte hartzeari. Horrek arazoa larriagotu baino ez du egin.



BAN KI-MOONEN DEIA. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek dei berezia egin zien mundu osoko herrialdeei Giza Eskubideen Kontseiluari bere jardunean laguntzeko. Aipatu batzordeak Genevan eginiko bilerarako adierazpen batzuek igorri zituen bideo batean; bere hitzetan ez zuen propio Sudan ahotan hartu, baina argi geratu zen erreferentzia zuzena egin nahi ziela Sudango agintariei aipatu batzordearen jardunari jarri dizkioten oztopoengatik.

Egozten zaien jarrera uzkurra gezurtatu nahi izan zuen, ordea, herenegun Sudango Gobernuko presidente Omar Hasan al Bashirrek, eta Sudanera bisitan joateko gonbitea egin zion telefono dei baten bidez Ban Ki-mooni: «Betor, eta berak konta dezala zer gertatzen den Sudanen». Darfurren egoera «hobera» ari dela azaldu zuen. NBEko ordezkariek igandean bertan gaitzetsi zuten, ordea, egun Afrikako Batasuneko tropak han duten plana nahi eta ezinean ari dela, laguntza faltagatik.



«Utzikeriaren» ondorioak gainditzeko zerrenda oinarrizkoa

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Darfurko premia gorrienak zerrendatu ditu
a.i.

Darfur jasaten ari den «utzikeria» salatu du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak publiko egin berri duen txostenean. Eskualdeko premia larrienen zerrenda egin du, eta gainditzeko zer egin behar den.

Segurtasuna bermatu

Jendearen segurtasuna bermatze aldera, Darfurren NBE Nazio Batuen Erakundeakzuzenduriko indarrak hedatu behar direla diote. Egun han dagoen UNMIS misioarekin batera jardun beharko luke, betiere, egiten diren urrats orotan giza eskubideak bermatzen direla ziurtatzeko. Egun Afrikako Batasuneko 7.500 soldadu baino ez daude Darfurren. Sudanek ez du eta gehiago onartzen. Baina nahi eta ezinean ari dira, ez dute lortzen gatazka geratzerik. Pentsatzen da gutxienez 30.000 soldadu behar liratekeela Darfurren egoera behar bezala kontrolatzeko.

Bakea bilatu

Bakearen aldeko urratsak ezinbestekoak dira. Diotenez, Darfurko auzia ezagutzen duten guztiak bat datoz; ez da bide militarretatik lortuko, eta derrigorrezkoa izango da negoziazioa. Orain arte egindako ahaleginek porrot egin dute. Iazko maiatzean, esaterako, Sudan Askatzeko Armada SLAko buru Minni Minauk akordioa lortu zuen Gobernuarekin, baina paperean geratu zen, ekintzetara heldu gabe. Gogorarazi dute ahalik eta zabalenak izan behar dutela negoziazioek, baldin eta aurrera egingo badute.

Giza laguntza bermatu

Gatazkak etxerik gabe utzi ditu bi milioi lagun inguru, deserrotuta, pobrezia gordinean. Giza laguntza Darfurko kaltetuei eskaintzeko ahaleginek, ordea, eragozpen handiak izan dituzte, eta kasu askotan ezinezkoa izan da jendearengana heltzea. NBE bera egoitza finkoa lortu ezinik ibili da, beti batetik bestera, erasoen beldur. Bai Sudango Gobernuari eta baita haren kontra ari diren talde erreboltariei ere gogorarazi diete giza laguntza bermatzeko neurriak hartu behar dituztela.

Zigorgabetasunarekin bukatu

Basakerien aurrean zigorraren mehatxurik ez da sentitu urte askotan Darfurren, eta NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak gogorarazi du, horrek egoera gaiztotu egiten duela. Azkenaldian, ordea, zenbait keinu positibo ikusi dituzte, egoera aldatzen lagun dezaketenak. Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburu Luis Moreno Ocampok lehengo urteko ekainean ziurtatu zuen Sudan mendebaldeko Darfur eskualdean «sarraski handiak» gertatzen ari direla. ICC Nazioarteko Krimen Auzitegian, halaber, auzibideak eskatu zituzten lehengo hilean Sudango hainbat buruzagiren aurka. Aldaketaren hasiera izan daitekeela pentsatzen dute.

Darfur berriro eraiki

Aurreko urratsak egiten direnean, Darfurko herritarrei eman beharko zaie berriro hitza, beren etorkizuna eraikitzekourratsak ahalbidetu ditzaten. Zauriak orbantzen lagundu beharko zaie lehenik, aurrera egiten ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.