«Datozen egunetan» espero dute Iranen eta AEBen arteko akordioa

Pakistanen arabera, bi aldeek ondutako testua sinatzeko prest dago. Teheranek esan duenez, Libanon erasoak gelditzea ere jasoko da itunean, baina Israelek erasoan jarraitzen du, eta beste bost lagun hil ditu han.

Emakume bat Teheranen, horma batean egindako irudi batzuen albotik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat Teheranen, horma batean egindako irudi batzuen albotik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 13a
19:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dirudienez, orain bai, argi izpi bat ageri da Ekialde Hurbileko gatazkan, zenbait hilabeteko ilunaren ostean. Izan ere, bi aldeak ituna sinatzeko prest daudela jakinarazi du Islamabadek, eta gaur esan du litekeena dela datozen 24 orduetan sinatzea. Hala adierazi du Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek, X sare sozialean idatzitako mezu batean. Donald Trump AEBetako presidentea ere antzera mintzatu da: sare sozialetan adierazi du biharko programatuta dagoela bi aldeek plana sinatzea, eta sinatu bezain laster irekiko dela Ormuzko pasabidea. Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Esmail Baqaeik, berriz, adierazi du akordioa ez dutela bihar izenpetuko egingo. Eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik Irango telebistan eman duen elkarrizketa batean adierazi du balitekeela Iranek eta AEBek «datozen egunetan» sinatzea akordio memorandum hori. Gaineratu duenez, «modu digitalean» sinatuko dute, eta ez aurrez aurreko bilera batean.

Atzo gauerdian, Sharifek X sare sozialean jakinarazi zuen bi aldeek begi onez ikusi duten testu bat ondu dutela, eta «behin betikoa» dela. Bada, gaur, X sare sozialean, adierazi du bide onean doala akordioa sinatzeko prozesua, eta sinatzea besterik ez dela falta: «Bake akordioa lortzea inoiz baino gertuago dugu. Aurreikusita dago prozesua datozen 24 orduetan amaitzea. Pakistan prestatzen ari da bake akordioa elektronikoki sinatzeko, eta datorren astean elkarrizketa teknikoak egingo dira». Era berean, goraipatu egin ditu Washingtonek eta Teheranek negoziazio garaian izandako «etengabeko konpromisoa» eta eskualdeko aliatuen lana.

Trumpek, bestalde, Truth Social bere sare sozialean idatzitako mezu batean adierazi du «zorte apur bat» izanez gero ituna egiteko prozesua «azkarra eta erraza» izango dela, eta «arazorik gabea». Baina Trumpek mehatxu bidez aritu ohi da diplomazian, eta gaur ere beste horrenbeste egin du: «Hala ez bada, alternatiba bat izango dugu prest. Espero dugu berriro erabili beharrik ez izatea!», ohartarazi du.

Araghtxik Irango telebistan esandakoaren arabera, akordio honekin Iranek «irabazi» du gerra. Izan ere, azaldu duenez, akordioa bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, Teheranek azken asteetan egindako eskaera gehienak beteko dira: atzerrian blokeatuta dauzkan aktiboak desblokeatuko dira, erasoak amaituko dira fronte guztietan —baita Libanon ere—, eta Ormuzko itsasartea irekiko da. Gainera, Irango Atzerri ministroak telebistan adierazi du Teheranek Ormuzko itsasartea kontrolatzeko sistema bat ezarriko duela —handik igarotzen da munduko petrolioaren %20 inguru—.

Araghtxik adierazi duenez, akordioaren bigarren zatian Iranen programa nuklearra landuko dute bi aldeek, baina nabarmendu du hori «aurrerago» egingo dutela. Horren inguruan, Washingtonek hainbat bider esan du Teheranek ezin duela arma edo lehergailu nuklearrik garatu, «ezta beste era batera eskuratu ere», eta hori «ulertu» egin behar dutela —IAEAk hainbatetan esan du ez daukala Iran arma nuklearrak garatzen ari den zantzurik—.

Horrekin lotuta, Irango Auzitegi Goreneko presidente Gholam-Hossein Mohseni-Ejeik adierazi du irandarrek ez daukatela «inolako konfiantzarik» AEBengan, eta mesfidantza hori «gertakari historikoetan» oinarritzen dela.

UZTAILEAN EGINGO DITUZTE ALI KHAMENEIREN HILETAK

Irango hedabideek atzo zabaldu zutenez, uztail hasieran egingo dituzte Irango lider erlijioso goren Ali Khameneiren hiletak. Otsailaren 28an hil zuten Khamenei, AEBek eta Israelek Irango erasoaldia abiatu zutenean. 

Uztailaren 4an eta 5ean agur zeremonia egingo diote, Teheranen; hileta zeremonia, berriz, hilaren 6an egingo diote Teheranen, eta 7an Qomen —xiiten zentro inportante bat dago han—. Azken zeremonia hilaren 9an egingo dute: egun horretan lurperatuko dute Khameneiren gorpua, Imam Rezako santutegian.

Gaur-gaurkoz, badirudi itun horrek behin betiko aurrera egiteko arazo nagusia Israel dela. Izan ere, nahiz eta aipatutako memorandumean jasoa duten gerra Libanon ere amaituko dela —hori adierazi du Teheranek—, Israelek etengabe ari da Libano bonbardatzen. Gaur, esaterako, gutxienez bost pertsona hil ditu Israelgo armadak, eta hogeitik gora hiri edo herri husteko agindua eman. Orain arteko arrazoi bera erabili du oraingoan ere erasoaldia justifikatzeko: Hezbollah Libanoko milizia xiitaren aurkako erasoak izan direla. Israelgo armadak gaur X sare sozialean adierazi duenez, Hezbollahren 70 azpiegitura jo zituen atzo, eta, Telegram bidezko mezu batekin gaineratu duenez, Hezbollahko zazpi kide hil zituen iragan asteko erasoetan.

Gogorarazi beharra dago, teknikoki, su etena indarrean dagoela Libanon apirilaren 16az geroztik, eta 45 egunez luzatzea adostu zutela maiatzaren 15ean. Baina Tel Avivek egunero urratu du menia hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA