Urte hasieran AEBen eraso militarra baten jomuga izan ondoren, duen horri eusteko lanean jarraitzen du Venezuelako Gobernuak, eta herritarrak ere horretara bultzatu nahi ditu, komunak sustatuz. Martxoaren 8an, komunetako bozak gainbegiratzen izan ziren sei euskal herritar brigada baten barruan, tartean Iker Eizagirre Olatukoop erakundeko kidea (Irun, Gipuzkoa, 1988) eta Elene Lopetegi Bilgune Feministakoa (Donostia, 1995) —Hernani Burujabeko kideak ere izan ziren han—. Ikusitakoak aintzat hartu, eta Venezuelako egoera azaltzen saiatu dira, komunetako esperientziatik abiatuta.
«Venezuelako iraultzaren barruan, baloratzekoa da apustu komunala. Komunak demokrazia zuzenean oinarrituta daude, eta bide ematen diete herri botereari eta autogestio ekonomikoari», azaldu du Eizagirrek. Gaineratu du horien helburua «estatu burokratikoa» gainditu eta «beste zibilizazio eredu baterako» bidea egitea dela. Herrialdean 5.336 komuna eta zirkuitu komunal daude gaur egun, eta komunetako azken hauteskundeetan, Venezuelako herritarren laurdenek parte hartzea espero zen, zazpi milioi lagunek.
Komunak indartzeko asmoz, duela bizpahiru urtetik hona herri kontsulta nazionalak (bozak) antolatzen dituzte herrialdean hiru hilabetean behin. Horietan, herritarrek aukera dute aurretik batzarretan eztabaidatutako gaiei buruz erabakitzeko. «Lehenik, asanblea parte hartzaileen bitartez, herritarrek tokian-tokian eztabaidatzen dute zer proiektu den komuna bakoitzarentzat beharrezkoena. Eztabaida horietatik zazpi proiektu eramaten dira bozkara, eta horietatik bi aukeratzen dira kontsulta nazionalean. Ondoren, gobernuak dirua ematen du bi proiektu horiek finantzatzeko», esplikatu du Lopetegik.

Biek ohartarazi dute komunen eta gobernuaren arteko harremana gaizki ulertzen dela askotan: «Komunak ez dira Mendebaldean ezkerrak ulertu izan duen hori: ez dira estatuaren kontrako mugimenduak. Venezuelan, komuna herri boterearen ordena bat da, estatuaren eskutik eraikitzen dena», adierazi du Eizagirrek. Bide beretik mintzatu da Lopetegi: «Komuna gobernuaren organigramaren barruan dago».
Lopetegik erantsi du badagoela komunen inguruan ohiko beste gaizki-ulertu bat ere: «Askotan jendeak komunak aipatzen ditu landa eremuan dagoen komuna hippy baten moduan, non burujabeak diren baina ez duten eraginik estatuan. Baina ez da hala. Estruktura handi bat dute atzean». Izan ere, komunek badute parlamentu bat, badute enpresak eratzeko aukera, badute banku bat, barne hauteskundeak egiten dira postu guztietan...
Chavezen legatua
Komunen sorrera hartu du hizpide Eizagirrek. Nabarmendu du chavismoa boterera heldu zenean, 1999an, Venezuelako egoera «tamalgarria» zela, eta Hugo Chavez buru zuen gobernuak «politika sozial izugarriak» abiarazi zituela —saldutako petrolioaren prezio handiak lagunduta—, jendearen bizimodua hobetu zedin. Hala ere, iraultzaren bultzatzaileek argi hitz egin zutela dio: «Behar bat baduzue, antolatu zaitezte hura asetzeko, eta antolatzen zareten neurrian egingo dizuegu botere eta baliabide transferentzia».
Eizagirreren arabera, komunak oinarrizko premiei heldu zieten hasieran; ur hornidurari, esaterako. Baina komunak hedatuz joan ziren gero. Kontseilu komunalak sortu zituzten, eta beste gai batzuk ere eztabaidatzen hasi; hezkuntzaren ingurukoak, adibidez. Chavezek (1999-2013) lege organiko bat onartu zuen 2010ean, komunen legea. Lege horren bidez, komunei autogobernua eman zien tokian-tokian. «Lege hori Chavezek utzitako legatua da chavista askorentzat, eta iraultza bolivartarren hurrengo zerumuga», jakinarazi du Eizagirrek.
Azaldu du 2013an, Nicolas Maduro agintera iritsi zenean, komunek babesari eutsi ziotela, baina, 2015etik aurrera, AEBek «zigor ikaragarriak» jarri dizkiotela Venezuelari, eta, beraz, apalduz joan dela babes hori zenbait urtez: «Azkeneko hamar urteetan mila zigorretik gora ezarri dizkiote Venezuelari; herrialdea erabat setiatua izan da. Hori kontuan izan gabe ezin dira ulertu Venezuela eta haren bilakaera».
«Azkeneko hamar urteetan mila zigorretik jarri dizkiote Venezuelari; herrialdea erabat setiatua izan da. Hori kontuan izan gabe ezin dira ulertu Venezuela eta haren bilakaera»
IKER EIZAGIRRE Venezuelan izan den euskal herritarra
Eizagirreren hitzetan, Venezuelaren diru sarreren %90 petrolioa salduz lortzen da, eta 2013tik urte batzuetara %99 ere erori zen herrialdeko BPGa. Gaineratu du muturreko egoera horretan komunak —landa eremukoak, batez ere— izan zirela herrialdeari eutsi ziotenak; gehienbat elikagaiak banatuz. «Dena hondoratzear egon denean, komunek erantzun egin dute, eta horrek legitimotasun handia eman die jende askorentzat; batez ere behar handiena duten horientzat», esan du Eizagirrek.
Brigadisten arabera, komunak «loraldi batean» daude berriro, eta gero eta jende gehiago antolatzen da horietan. Eizagirrek zehaztu du parte hartzen duten gehienak chavistak direla, baina ez denak, eta chavistak direnen artean ere hainbat modu daudela chavismoa ulertzeko.
Oposizio babesgabea
Talka horien harira, Eizagirrek uste du oposizioak berak egin diola «oparirik onena» chavismoari: «Chavismoa gaizki dagoen bakoitzean, oposizioak biolentziara jotzen du, eta jendea izutu egiten da. Machadok, esaterako, bere herria inbaditzeko eskatu zion Israeli. Venezuelarra bazara, pertsona horrek beldurra ematen dizu».
Horri lotuta, Lopetegik azaldu du urtarrilaren 3an, AEBek esku hartze militarra egin eta Maduro presidentea bahitu zutenean, herritar asko «shockean» geratu zirela: «Herritarrek esaten ziguten ezjakintasun handia zegoela, eta beldur zirela oraindik ere».
«Herritarrek esaten ziguten ezjakintasun handia zegoela, eta beldur zirela oraindik ere»
ELENE LOPETEGI Venezuelan izan den euskal herritarra
Era berean, brigadistek ikusi dute Delcy Rodriguez behin-behineko presidentearen gobernuak «babes handia» duela. Esplikatu dute Rodriguezen lehentasun nagusienetako bat dela Maduro eta haren emazte Cilia Flores itzultzea, eta, halaber, herrialdeak funtzionatzen jarraitzea.
Horretarako, zenbait kontzesio egin behar izan ditu Rodriguezek. Baina biek uste dute kontzesio horiek «beharrezkoak» izan direla, eta herritar gehienek zentzuzkotzat jo dituztela: «Iraultzak aurrera jarraitzeko baldintza kolapsoa eragoztea da: egonkortasuna behar du, eta estatu botereari eutsi behar dio kosta ahala kosta», adierazi du Eizagirrek. «Trump oso oldarkor ari da, baina ez da betirako izango, eta ez da toki guztietan irabazten ari. Beraz, asmoa da iraultza eta lorpenak babestea, eta denbora irabaztea kontzesioak eginez, baina helburu estrategikoak bidean galdu gabe».