Delitu larriak egiten dituzten immigranteak kanporatzeko erreferenduma dute Suitzan

Inkesten arabera, herritarren %54k emango diote babesa eskuin muturraren proposamenari

Erredakzioa
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Suitzan, hiltzea, bortxatzea, lapurtzea, droga trafikatzea, ogasunari iruzur egitea eta gisa horretako delituak egiten dituzten immigranteak automatikoki deportatzeko aukera izango dute aurrerantzean, baldin eta gaur egingo duten erreferendumean inkestek iragartzen dutena betetzen bada. Inkesten arabera, herritarren%54k sostengatuko dute UDC Zentroko Batasun Demokratikoa eskuin muturreko alderdi xenofoboaren ekimena, eta, horren harira, beste proposamen bat aurkeztu dute zentro eskuineko alderdiek; delitu larriak egin dituzten immigranteak kanporatu ahal izatea, baina, betiere, zuzenbidea errespetatuz, hau da, kasuak banan-banan aztertuz. Gobernuak berak babesten duen proposamena da azken hori.

Alderdi Sozialistak eta Alderdi Berdeak, berriz, ekimenak nazioarteko araudia urratzen duela oinarri hartuta, ezezkoaren aldeko kanpaina egin dute. Egitasmoak Suitzako Konstituzioa bera zalantzan jartzen duela argudiatu du Marlies Banzigerrek. Berdeen ordezkari horren ustez, erabat baztertzailea da delitu bera irizpide ezberdinen arabera zigortzea eta araudia jatorriaren arabera ezartzea.

Suitzan 7,5 milioi lagun bizi dira, eta horietatik %22 dira immigranteak. Kopuru hori haz ez dadin, aspaldian ekin zion eskuin muturrak beldurraren estrategia baliatuz neurri xenofoboak sustatzeari. Kartzeletan dauden presoen jatorriari erreparatu diote popularrek baiezkoaren aldeko kanpaina egiteko. Natalie Rickli diputatuak etengabe esan du presoen %70 direla «pasaporte suitzarrik» ez dutenak. Erreferenduma egin ahal izateko 210.000 sinadura jaso zituen alderdiak duela hiru urte, legeak eskatzen duen kopuruaren bikoitza.

Zergak igotzeko galdeketa

Ekimen polemiko horrez gain, baina, aurrekoak bezainbeste kritika eragin dituen beste proposamen bat ere bozkatuko dute gaur Suitzan; gehien irabazten dutenei zergak igotzea. Alderdi Sozial Demokratak zergak bateratu eta urtean 188.000 euro irabazten dituzten herritarrei %22ko gutxieneko zerga ezartzea proposatu du. Egun zerga tasa ezberdinak daude kantonamenduetan, eta ekimen honekin krisiak eragin duen atsekabeari etekin politikoa atera nahi izatea leporatu diete sozialdemokratei. Inkesten arabera, herritarren %46k sostengatzen dute neurria, duela hilabete %58k babesten zutelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.