Filosofoa

Roman Krznaric: «Demokrazia sorberritu beharra dago, eta deszentralizatu»

Krznaricek gogoeta egin du gaur egungo munduaren arazorik larrienei buruz, eta azaldu du oraingo egoera nola konpondu erakusten dutela historiako zenbait gertaerak.

Roman Krznaric filosofoa Bartzelonan, aurtengo urtarrilean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Roman Krznaric filosofoa Bartzelonan, aurtengo urtarrilean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Ricard Gonzalez.
Bartzelona
2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Roman Krznaric filosofo ezagunak (Sydney, Australia, 1971) lan asko argitaratu ditu ardatz baten inguruan: ideiek nolako ahalmena duten gizartea aldatzeko. Azken liburuan (History for Tomorrow, 2025), munduaren hamar arazorik larrienak zerrendatu ditu, maiz konponezintzat joak denak ere, eta historia arakatu du oraingo arazoetarako konponbide bila.

Oraingo gizarteak behar bezalako garrantzia ematen al dio historiari?

Ez. Nire ustez, ezkutuan dagoen jakintza bat da, eta ez diogu behar bezain erne erreparatzen. Historiaren bitartez ikastea ez da ideia berria, baina gaizki egindakoak kontuan hartuz ikasteko erabiltzen da batez ere, ez oraingo arazoei irtenbidea ematen laguntzeko. Eskoletan irakasgai bat jarri beharko litzateke: historia aplikatua. Horrexegatik idatzi dut liburu hau.

Badirudi belaunaldi bakoitzak gogoan duela, nolabait, aurrekoari zer gertatu zitzaion, baina ez du atzerago begiratzen...

Halaxe da, bai. Pare bat belaunaldi nahikoa dira iraganak erakutsitakoa ahazteko. Ikusi besterik ez dago nola zabaltzen ari diren ultranazionalismoa eta eskuin muturra, ahazturik Bigarren Mundu Gerran zer gertatu zen. Horixe dago orain jokoan Europan. Niretzat oso frustrazio handia da ikustea politikariak orainaren preso bizi direla, eta konfiantza handiegia dutela teknologian, arazoei heltzeko egokia delakoan. Ez zait ideia ona iruditzen autoa gidatzea atzerako ispiluari begiratu gabe, eta eguraldia nahasia baldin bada, are okerrago. Iragana aztertzen badugu, konturatuko gara orainak ez duela zertan nahitaez honelakoa eta halakoa izan. Eta ez naiz ari utopia marxista batean inspiratzeaz, baizik eta iraganeko egoera eta arazo oso bihurri batzuetatik ikasteaz, gizadiak irtenbidea eman zien neurrian.

Trump bigarren aldiz hautatua izan baino lehen idatzi zenuen liburua. Ikuspegi historikotik begiratuta, zer iruditzen zaizu Trump berriz AEBetako presidentea izatea?

Trump historiaz baliatzen da, nostalgian oinarrituta. Boterean daudenek askotan erromantizatzen dute iragana, tresna moduan erabiliz. Izan ere, Trumpek egiten duen guztia ez da hain bakana. Esaterako, AEBek askotan sartu dute eskua Latinoamerikan, eta, alde horretatik, Venezuelakoa ez da ezer berezia historian. Berria zera da beharbada, Trumpek nola jokatuko duen ez dagoela aurrez igartzerik.

Eta nola jokatu behar litzateke Trumpekin?

Hiru ezaugarri nagusi ditu, nire iritziz. Lehenik, faxista da, faxisten ezaugarri guztiak baititu: arrazista da, etsaiak deabrutu egiten ditu, eta indar paramilitarrak erabiltzen ditu. ICEko [immigrazioko] agenteak Hitlerren alkandora arreen parekoak dira. Bigarrenik, mafiako aitajaun batek bezala jokatzen du, beldurra zabaldu nahian. Eta, hirugarrenik, etxegintzako eraikitzaile bat da, lurralde gehiago nahi dituena herrialdea hedatzeko. Ezaugarri hori munta handikoa da, eraikitzaileek ez baitituzte gudu guztiak irabazten. Gainera, gudu bat bukatutakoan, berehalaxe hasten dira beste zerbaitetan.

«Pare bat belaunaldi nahikoa dira iraganak erakutsitakoa ahazteko. Ikusi besterik ez dago nola zabaltzen ari diren ultranazionalismoa eta eskuin muturra»

Eta nola egin behar zaio aurre?

Fronte batu bat eratzea da garrantzizkoena; Europako Batasunak harria bezain irmoa izan behar du. Mafiosoari ez zaio beldurrik izan behar. Erantzuteko, muga zergak jarri behar zaizkie AEBei, eta hango inflazioa igoarazi; horrek kezkatu egingo luke Trump hauteskundeei begira. Baina ezinbestekoa da AEBetan kalean dabiltzan oposizio mugimenduak ere aldatzea.

Liburuan aipatutako arazo guztietatik zeinek du presarik handiena?

Demokrazia sorberritzea. Hori funtsezkoa da, hori baita gakoa beste arazo batzuk konpontzeko. Ordezkaritzako demokrazia berria da, berrehun urte besterik ez du, eta porrot egiteko bidean doa. Ez da gai gas kutsagarrien emisioa konpontzeko, guztiei etxea emateko, teknologia enpresak arautzeko... eta horrek guztiak hauspotu egiten du eskuin muturra. Beste garai bateko arazoak konpontzeko sortu zen ordezkaritzako demokrazia, gizarte monarkikoen arazoak konpontzeko, hain zuzen.

Eta zein da konponbidea?

Bi eredu alternatibo daude: bata, diktadore onberak izatea, Singapurkoa bezalakoa; bestea, demokrazian sakontzea, hau da, erabakimen handiagoa ematea jendeari, zuzenekoagoa egitea demokrazia. Horren erakusgarri bat dira, esaterako, herritarren udal batzarrak. Bitxia da, baina batez ere eskuin muturrak defendatzen ditu halako organoak. Komunitatearen aferez erabaki ahal izanez gero, jendeak gehiago sentitzen du komunitatearen parte dela, sentitzen du bere etorkizuna erabaki dezakeela. Badago aditu batzuek gure bizitzaz erabakitzen duten irudipena, eta, neurri batean, horregatik irabazten du Trumpek.

Esperimenturik interesgarrienak udal eta eskualde mailetan egin dira. Halakoetan birpentsatzen ari dira demokrazia, eta ehunka adibide daude, hasi Kopenhagen eta Caliraino segitu. Ez dut konfiantzarik estatuengan. Uste dut eredu deszentralizatuagoa izan behar genukeela, Errenazimentuko hiriek bezala.

«Esperimenturik interesgarrienak udal eta eskualde mailetan egin dira. Halakoetan birpentsatzen ari dira demokrazia»

Zure liburuko adibide asko ez dira Mendebaldearen historiakoak. Erneago begiratu behar genieke beste kontinenteei?

Mendebaldetik kanpoko historiak sartzen ahalegindu naiz, liburuak ahalik eta ikuspegi globalena izan dezan. Hala, besteak beste, Edo-ren eredua bildu dut. Japoniako hiri bat da, XVIII. mendean milioi bat biztanle zituena, eta ekonomia guztiz zirkularra izatea lortu zuen, ez baitzuten ezertxo ere botatzen, eta errazionatuta baitzeukaten lehengai nagusia, buka ez zedin: zura. Antzeko zerbait egin zuten Hawaiin duela mende batzuk. Europaren historian bertan ere badira jende gehienarentzat ezezagunak diren esperientzia batzuk, hala nola Al-Andalusen erlijioen artean izandako bizikidetza.

Arazo guztietan, klima aldaketa da konpontzen zailena, globala denez gero?

Hortxe dago koxka. Nola lortu modu kolektiboan ekitea, maila globalean? Badira adibide batzuk; esaterako, Montrealgo Protokoloa, zeinak ozono ezabatzen ari ziren gasen isuria mugatu baitzuen. Nazioarteko sistemako eragile garrantzitsu gutxi batzuk ados jartzea, horixe behar da, eta lider horiek gainerakoen akuilu izatea. Horretarako, garbi izan behar dute beren interes nazionaleko kontua dela trantsizio ekologikoa. Baina Trump eta Putin liderrak izanda, ez dirudi erraza denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA