Dena ilun egon arren, Gazan «itxaropen» izpiak daude

Baxir Ankahk Gaza iparraldeko bere etxetik ihes egin behar izan zuen gatazka areagotu eta egun gutxira. Hiru aldiz lekualdatu ostean, gaur egun Deir al-Balako UNRWAren eskola du babesleku.

UNRWAk Deir al-Balan (Gaza, Palestina) duen eskola, asteartean. BERRIA
UNRWAk Deir al-Balan (Gaza, Palestina) duen eskola, iragan asteartean. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko maiatzaren 19a
05:05
Entzun

Azken asteotan Rafahren egoerak arreta piztu du berriz ere, Israelgo armadak lekualdatzera behartu baititu hara joandakoak eta han bizi direnak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 800.000 lagunek egin dute ihes, gehienek zerrenda erdialdera. Han dago Baxir Ankah (Bait Lahia, Gaza, Palestina, 1962), lekualdatua, beste asko bezala. Ikasketaz ingeniaria da Ankah, eta UAWC Nekazaritza Lanaren Batzordeen Batasunean egiten du lan. Horri esker, aurrezki batzuk ditu, eta merkatuan «lehen halako zortziko prezioak ordaintzeko» modua ematen diote. Zailtasunak zailtasun, Ankahk «biharamun hobe baten itxaropena» du: «[Gazatarrok] Egunero espero dugu egoerak hobera egitea, bihar bakea iristea».

Palestinako gatazka iazko urriaren 7an areagotu zen, Hamasek eta beste zenbait milizia palestinarrek Israeli eraso egin ziotenean. Horren ostean, Israel erantzuten ari da, Gaza setiatuz eta zerrenda goitik behera bonbardatuz. Handik bi egunera hasi zen triskantza Ankahrentzat. Familiako zortzi kideak berekin hartu, eta jaio zenetik bizileku izandako Bait Lahiatik alde egitea erabaki zuen. «Inguruko auzoei erasotzen hasi zen Israel; horregatik, alde egitea erabaki genuen, Bait Lahian jada ez baikeunden seguru», azaldu du Ankahk.

Familiako zortzi kideek, ordea, etxetik ihes egiterakoan ez zekiten iaz Palestinan egon ziren 3,4 milioi barne desplazatuen parte bihurtuko zirela. Hala egon dira azken zazpi hilabeteotan; hala ere, Ankahk «zortea» duela esan du. Alde batetik, familiarekin batera dagoelako. Bestetik, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko eskola batean daudelako, Deir al-Balan, Gaza erdialdean. Egun bizirik irauten duen eskola horretara heltzeko, ordea, bidaia luzea egin du Ankahk: hiru aldiz lekualdatu da, behartuta.

(ID_17159429571535) (/EZEZAGUNA)
Baxir Ankah. BERRIA

Etxea utzi zutenean, Gaza iparraldean gelditzea erabaki zuten, eta Al-Xatiko errefuxiatu esparrura joan ziren. Bertan UNRWAko eskola batean egon ziren. Zerrenda iparraldeko egoera, ordea, azkar gaiztotu zen, eta, «egun gutxi batzuen buruan», eskola utzi eta zerrenda erdialdera alde egitea erabaki zuen Ankahren familiak: «Israelgo armadak hegoaldera mugiarazi gintuen». Deir al-Balara egin zuten ihes, eta aurreneko gaua inoiz izan duen «gogorrena» izan zela adierazi du: «Kale gorrian egin behar izan genuen lo».

Gauzak horrela, biharamunean berriz lekualdatzea erabaki zuen ingeniariak, eta UNRWAren hiri horretako eskolara joatea erabaki zuen. Izan ere, kaleak —bonbardaketak alde batera utzita— ez dira seguruak: «Arratsaldeko zazpietatik aurrera ezin gara kalera irten. Ordu hartatik aurrera ez dago leku segururik».

Gazako hiru hiri

Ordutik daude bertan, eta «lekualdaturik egotea gogorra» dela dioen arren leku «lasai batean» dagoela azaldu du. UNRWAren eskola, hala ere, «ez da paradisu bat»: 500 lagunetik gora daude han, eta ikasgela bakoitzean 25 pertsona bizi dira elkarrekin. «Hainbeste gara eskolan, non hilabeteak pasa ahala etorri izan direnek pasabideetan edo eskola inguruan kanpadendak jarri behar izan dituzten bizitzeko».

Hori, ordea, kalean dauden kanpaleku inprobisatuetan egotea baino hobea da: «Kaleko kanpadendetako egoera benetan latza da. Ez dute komunik edota garbitzeko urik; beraz, dena ur zikinez beterik dago. Gaixotasunak azkar hedatzen dira giro horretan». Haren auzoko 50 lagun inguru daude hobiratuta Deir al-Balan, gaixotasunek hilak.

Etxera itzultzeko nahia

Gaixotasunak ez baditu hiltzen, Israelgo armadak hiltzen ditu gazatarrak, bonbardaketak eginez. Zerrenda txikitzen ari dira aireko erasoen bidez. «Hemen [Deir al-Balan] bi hilabete egin genituenean, Bait Lahian geratu zen auzokide batek deitu zidan, nire etxea Israelen bonbardaketek txikitu zutela esateko». Orain eraikinik egon ez arren, Ankahk argi du hori bere etxea dela oraindik ere. Izan ere, Israelen «sarraskia» amaitu deneko biharamuna irudikatzerakoan, hara jotzen du azkar: «Biharamunean, txikitutako nire etxera itzuliko naiz, eta aterpe bat eraikiko dut han. Nire familia babesturik dagoenean, besteak laguntzen jarraituko dut, asko izango baitugu egiteko».

Deir al-Balan dagoenetik, lanera itzuli da. Lekualdaketak duen gauzarik «gogorrenetarikoa jatekorik eta edatekorik ez izatea edo behin eta berriz horren bila aritzea» dela adierazi du Ankahk. Hori dela eta, UAWCko beste kideekin batera barne desplazatuei laguntza humanitarioa emateaz arduratzen da. Laguntza humanitario hori nazioartetik etorria da. Euskal Herrian ere hazi bat jarri dute. Izan ere, hilabete hasieran Mundubat elkarteak, Nafarroako Yalak eta Gernika-Palestinak edateko ura eta barazki zein janari paketeak bidali zizkioten erakundeari, zerrendan bana zitzan.

Horrelako laguntza izatea eskertu du Ankahk, hori baita, haren ustez, gatazka amaitzeko gakoetako bat: «Mundu askeko herritarrek Palestinaren alde ekitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.