Maria Herrero. Mexikon desagertutako lau gazteren ama

«Desagertutako zenbait pertsona aurkitzea lortu dugu»

2007an 'Narkotrafikoaren aurkako gerra' deituriko fenomenoa hasi zenetik, Mexikon 109.000 pertsona desagertu dira. Herrerok desagertuak bilatzeko mugimendu zabala sortu du Mexikon.

MUGAK ZABALDUZ KARABANA.
jone arruabarrena
Borriana
2023ko irailaren 03a
00:00
Entzun
Bizkarrean urte askotako samina daramanak eduki ohi duen begirada tristea du Maria Herrero Magdalenok (Pajacuaran, Mexiko, 1950), baina, 73 urteak bete dituen arren, haren pausoak irmoak dira, eta haren hitzak, zorrotzak. «Zortzi seme ditut, eta horietatik lau desagertuta daude». 2008an desagertu ziren Jesus Salvador eta Raul semeak; bi urte geroago Gustavo eta Luis Armando. Izan ere, 2007an Narkotrafikoaren aurkako gerra deituriko fenomenoa hasi zenetik, Mexikon 109.000 pertsona desagertu dira.

Estatu mailako mugimendu bat sortu du Herrerok, bilaketa lanetan dabiltzan senitartekoak batuta. Times egunkariak munduan eragin handiena duten 100 emakumeen zerrendan sartu du aurten, eta Melillan (Espainia) ere izan zen duela aste batzuk, Mugak Zabalduz karabanarekin, iazko ekainaren 24ko masakrea salatzeko.

Hamabost urte daramatzazu semeen bila. Nola hasi zenuen bidea?

2008ko abuztuaren 28an desagertu ziren Raul eta Jesus Salvador nire semeak. Urrearen salmentan lan egiten zuten, eta haiekin lanean zebiltzan beste bost pertsona ere eraman zituzten egun hartan. Ikertzen hasi ginenean jakin genuen Poliziak eraman zituela, eta gero krimen antolatuaren eskuetan utzi zituztela. Hor hasi nintzen Mexikon bizi genuen egoeraz jabetzen, eta gainontzeko semeei debekatu egin nien lanera joatea, gainean genuen arriskuagatik, behintzat anaiei zer gertatu zitzaien jakin arte.

Zenbat denbora igaro zen hala?

Urtebete baino gehiago eman zuten etxean, baina, azkenean, lanera joatea erabaki zuten. Izan ere, bilaketekin jarraitzeko baliabideak amaitzen ari zitzaizkigun. 2010eko irailaren 22an desagerrarazi zituzten Gustavo eta Luis Armando, Veracruzera [Mexiko] bidean zihoazela. Badakit orduko hartan ere Poliziak harrapatu zituela. Bi familiarteko zeuden orduan haiekin, eta haiek ere eraman zituzten. Beraz, jada hamaika ziren bilatu beharreko pertsonak.

Nola konturatu zinen ez zirela kasu bakanak?

Javier Sicilia poeta mexikarraren semea hil zuten 2011. urtean, eta horren harira sortu zuen Siciliak Bakearen eta Justiziaren Aldeko Mugimendua, egitasmo jendetsua. Mexiko osoa zeharkatu zuen mugimendu horrek, eta ni ere Siciliarekin batera oinez hasi nintzen. Mexikoko estatu bakoitzetik pasatzen ginen bakoitzean, ikusten hasi nintzen milaka familia ateratzen zirela kalera, desagerrarazi zituzten familiartekoen argazkiak eskuetan zituztela.

Ordura arte, nik pentsatzen nuen nire semeak urrearen salmentarekin zerikusia zuten zerbaiten ondorioz eraman zituztela. Baina hor konturatu nintzen ezetz, arazo sozial bat zela hura; Mexiko osoa birrintzen ari zen arazo bat, hain zuzen.

Bide berri bat hasi zenuen.

Bai. Jabetu nintzen Mexikoko Gobernuak onartzen zuela hori guztia, eta guztiz ustelduta zegoela. Erabat sumindu ninduen horrek, baina, era berean, aurrera jarraitzeko ausardia eta indarra hazi zen nire baitan.

Nola hasi zineten antolatzen?

Desagertutakoen bila zebiltzan pertsona horiek guztiak batu genituen, eta Mexikoko estatuetan zehar ibili ginen haiekin biltzeko. Gaur egun, Mexikok dauzkan 32 estatuetatik 27tan jarduten dugu, eta Lotura Nazionalen Sarea deitu diogu mugimenduari.

Pertsona bat desagertzen denean, nola hasten da bilaketa?

Lehen indarrean zegoen legearen arabera, pertsona bat desagertzen zenean 72 ordu itxaron behar ziren bilaketa lanekin hasteko. Orain lortu dugu desagerpena ohartarazten den unetik bilaketak martxan jartzea. Horrez gain, lehenengo bilaketak landa eremuan zein hobi komunetan hasi genituen, gure seme-alaben gorpuak bilatzen, baina, orain, desagertu arren bizirik egon daitekeen jendea bilatzen ere jarduten dugu.

Nola egiten da bilaketa hori?

Kartzeletara joaten gara gure senideen bila, errehabilitazio zentroetara, edo baita kalera ere. Askotan, kalean bizi direnek ez dute gogoratzen nortzuk diren, edo nondik datozen, drogak hartzera derrigortzen dituztelako, edo tratu txarrak ematen dizkietelako; memoria galtzen dute. Argazki bat egiten diegu, eta, gogoan badute, izena eta jaioterria ere galdetzen diegu, identifikatu ahal izateko. Gero, haien senitartekoak aurkitzen saiatzen gara. Desagertutako zenbait pertsona aurkitzea lortu dugu horrela.

Bestelako prebentzio adarrak ere jarri dituzue martxan.

Prebentzio lana egiten dugu eskoletan, eta haurrak zein gazteak egoeraz ohartarazten ditugu. Sinesmen ezberdinetako elizetara ere jo dugu, haien babesa eskatzeko, eta ikusarazteko haiek ere erantzukizun moral bat daukatela gai honetan. Ez da erraza izan, beldur zirelako, apaiz batzuk ere desagerrarazi baitituzte. Baina esan diegu beldur horri aurre egin behar diotela, beldurra baita gure etsaiek gu kikiltzeko erabiltzen duten tresna nagusia. Eta azkenean lortu dugu gure borrokara batzea.

Zein da azken adarra?

Kontzientziazioa instituzioetan. Udaletara joaten gara, eta bertako segurtasun indarrek entzun diezaguten eskatzen dugu. Esaten diegu zorigaitz honen errudunak direla. Desagerpenen arloko lege bat atera dugu aurrera, eta orain polizia epaitua izan daiteke desagerpenekin loturaren bat daukala jakinez gero. Hori azaltzen diegunean, batzuk harrituta geratzen dira, eta beste batzuek barre ere egiten digute. Badakigu arriskutsua dela hori egitea; desagerpenekin lotura zuzena daukatenen aurrean gaudelako, baina ez zaigu axola.

Zer arrisku dauka bilaketa lan horietan aritzeak?

Arrisku izugarria dauka. Zazpi pertsona hil dituzte jada, eta ahotsa ematen diguten hainbat kazetari eta komunikatzaile ere akabatzen ari dira. Badakigu edonoiz isilarazi gaitzaketela; akabatu gaitzaketela. Baina borrokan jarraitzen dugu.

Nola erantzuten dute erakunde publikoek desagerpen horiek ikusita?

Ez dira joan gure semeak desagerrarazi zituzten kriminalen bila, nortzuk diren jakinda ere. Eta zergatik ez dituzte bilatzen? Beren burua aurkituko luketelako. Izan ere, nor da krimen antolatua? Gobernua bera. Hau da: krimen instituzionalizatua da, gobernuak berak babesten dituelako talde horiek.

Zer-nolako lotura dago gobernuaren eta talde kriminal horien artean?

Talde horiek punta-puntako armak dituzte, esaterako. Guardia Nazionalak eta armadak ematen dizkien armak, hain zuzen. Mexikoko Polizia Nazionaleko burua ere atxilotuta dago, talde kriminal horiekin dituen loturak argitara atera baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.