ASIAKO ITSASIKARA. INDIA

Desoreka sozialen tragedia

Zigor Aldama.
2005eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
eldurgarria da koloretako saree tradizionalak jantzita dituzten ehunka emakume itsasora begira, hildakoen gorpuen zain ikustea. Jantziek islatzen duten poza ez dator bat egoerarekin. Baina desoreka hori ohikoa da. Munduko gizarterik zurrunenetako bat da hura eta leinuen arabera dago banatua.

Leinuaren araberakoa da erosteko ahalmena ere. Hirietan egoera aldatuz doa. Itsasikarak kaltetutako lurraldeetan, aldiz, tradizionalagoak dira. Beraz, Tamil Nadu eta Kerala eskualdeetan eta Andaman eta Nicobar uharteetan kaltetutako gehienak leinu baxuenetakoak izatea ez da harritzekoa.

Indigenak

Kontuan hartu behar da gutxiengo etnikoen egoera. Talde asko daude eta horien ohiturak oso desberdinak dira. Horien egoera ezegonkorra da oso. Maiz, ehun edo mila kide ingurukoak dira etniak. Itsasikarak txikizio handiak eragin ditu etnia horietan. Andaman eta Nicobar uharteetan bizi direnen egoerari buruzko lehen datuak herenegun jakin ziren.

Jarawa tribuko 279 kideak basoan zeuden itsasikara izan zenean, eta horri esker lortu zuten bizirik ateratzea. Ongeak, berriz, ihes egin zuten itsasoaren maila igotzen ari zela ikusi zutenean.Sentinel tribuari dagokionez, kide guztiak bizirik daudela uste da, baina ez dago datu zehatzik. Sentinelak bakartuta bizi dira eta ez dute ia harremanik kanpotarrekin. Hori dela eta, herenegun laguntza eramatera joan zen helikopteroari eraso egin zioten. Ez dago datu zehatzik granandamandarren eta Nicobar uhartean bizi diren shompenen inguruan ere.Nicobardarren kasuan, galerak handiak izan ziren. Tsunami-ek 12 herrixka suntsitu eta hildako asko eragin zituztelako.

Globalizazioa

Desberdintasun handiagoak eragin ditu globalizazioak Indian.Batetik, gutxiengo baten izugarrizko boterea bereganatu du; bestetik, ehunka milioi herritar erabateko miserian bizi dira. Txapon beraren bi aldeak. Herri eta hirietako kaleetan irudi lazgarriak ikus daitezke: errupia indiar batzuk lortzeko asmoz, zortea duten indiarrak dauden mendebaldeko jatetxeetaraino arrastaka joaten diren elbarriak.

«Ez dugu erdibiderik ezagutzen», esan zuen Calcutako mediku batek. «Badira dirua zertan xahutu ez dakitenak, eta baita kalean, bakarrik eta gaixotasunen edo gosearen ondorioz hiltzen direnak ere».Ekialdeko kostaldean bizi diren leinu baxuenetakoen etxeak, lastoz eta egurrez eraikitakoak, urak suntsitu ditu. Handik kilometro gutxira, viktoriar erako txaletetan bizi direnak, komunikabideen bidez izan zuten, agian, hondamendiaren berri. Chewang Nazio Batuen Erakundeko Garapenerako Programako bolondres indiarra da. Tamil Nadu eskualdean ari da lanean eta badaki aurrerago ere izango direla antzeko hondamendiak Indian: «Horrelakoetara ohituta gaude eta gure kulturaren zati da. Tren istripuak, uholdeak, goseteak, izurriak... Egunerokoaren zati dira. Oraingoan, hondamendia handiagoa izan da eta mundua izutu egin da. Milaka milioiko diru laguntzak ematera konprometitu dira. Baina, horietako asko maileguak dira. Gertatutakoa ahazten dutenean, Indiako arazoak berdinak izango dira, baina orduan, maileguak itzuli beharko ditugu».Mendebaldeak espiritualtasuna du gogoan Indiaz hitz egiterakoan, baina hori ez dator bat errealitatearekin. Ganges ibaiaren irudi idilikoak, beste garai batzuetako tenpluak, beste kultura batzuetako jainkoak eta paisaia exotikoak bezeroak erakartzeko erabiltzen dituzte bidaia agentziek. Kezko gortinaren atzean, ordea, orain argitan geratu den errealitatea dago: gizarte bihozgabe baten menpe bizi diren milioika herritarren egoera. Itsasoaren haserreak begien bistan utzi du errealitate hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.