Dick Cheney AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteorde ohia hil da, 84 urte zituela. Bi agintaldiz izan zen karguan, George W. Bush errepublikanoa presidente izan zen garaian (2001-2009). Familiak igorri du oharra, eta bertan azaldu dute atzo gauean hil zela, pneumonia baten eta bihotz-biriketako arazoen ondorioz.
AEBetako historian botererik gehien izan duen presidenteordeetako bat izan zen; horrela ezagutzen zuten Cheney belatz errepublikanoa. Presidenteorde izendatu zuten urtean gertatu zen AEBetan 2001eko irailaren 11ko dorre bikien atentatua, eta beste batzuekin batera, hark kudeatu zuen eraso horren erantzuna. AEBek Afganistan inbaditzeari ekin zioten 2001eko urriaren 7an. Irak ere inbaditu zuten 2003ko martxoaren 20an. Gerra piztu zuen Cheneyk bi herrialde horietan, baita Yemenen eta Somalian ere, eta hamarkada bat baino gehiago iraun dute horiek denek.
Presidenteorde izan aurretik ere, AEBetako Defentsa idazkari izan zen Cheney (1989-1993). Bush zen orduan ere AEBetako presidente, baina aita: George H.W. Bush. Kargu horretan zela zuzendu zuen Cheneyk estatubatuarrek Persiar golkoan egin zuten 1991ko esku hartze militarra, besteak beste.
Gobernuan egon zen urteetan Alderdi Errepublikanoaren muinetako bat izan arren, 2024ko hauteskundeetan aitortu zuen ez zuela Donald Trumpen alde bozkatuko, eta Kamala Harris demokrataren alde egingo zuela. Iskanbila piztu zuen orduan ere.