Italiako gobernu krisia

Dimisioa eman du Conte Italiako lehen ministroak

Italian ez da zentsura moziorik egongo, Conte lehen ministroak dimititu egin baitu. Mattarella presidentea alderdi politikoekin elkartuko da, zer egin erabakitzeko: hauteskundeetara deitu ala gobernu berria osatu.

Salvini eta Conte, gobernu krisiaren inguruko eztabaidan, gaur, Italiako Senatuan. ETTORE FERRARI / EFE
Andoni Imaz
2019ko abuztuaren 20a
08:44
Entzun

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak dimisioa aurkeztuko dio Sergio Mattarella presidenteari. Hori adierazi du gaur Senatuan, gobernu krisiaz eztabaidatzeko saioan. Matteo Salvinik, Barne ministroak eta Lega eskuin muturreko alderdiaren buruak, Conteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuen hilaren 9an, eta hartaz eztabaidatzekoak ziren gaur Senatuan. Debatea hasi baino lehen hartu du hitza lehen ministroak: "Orain arte gertatutakoek eskatzen dute gobernua hemen etetea".

Krisiak abuztuaren hasieran egin zuen eztanda, politikariak oporretan zirela: Salvinik hautsitzat jo zuen gobernu koalizioa, eta hauteskundeak eskatu zituen. Legaren eta M5S Bost Izar Mugimenduaren koalizioa maiatzetik egon da gobernuan, nahiz eta bi indarren arteko harremanak ez diren onak izan. Salvinik alde ditu inkestak, eta hori aprobetxatu nahi du, hauteskundeetara deitu, eta lehen ministro izateko.

Contek gogor egin du Salviniren aurka: oportunismoarekin eta "arduragabekeria instituzionalarekin" jokatzea leporatu dio, herrialdea "ziurgabetasun politiko eta finantzariora" eraman izanagatik. Salvinik ez du hari erantzuteko aukera galdu: adierazi du bere alderdiak ez diola beldurrik "aulkiak galtzeari", eta hauteskundeak eskatu ditu berriro. "Italiarrek Italiako herriari soilik erantzungo dion gobernu bat nahi dute, eta ez Merkeli edo Macroni erantzungo diona", esan du Legako buruak.

Orain, Mattarella presidenteari dagokio hurrengo pausoa ematea. Contek gaur bertan aurkeztuko dio dimisioa, eta presidentea alderdi politikoen ordezkariekin elkartuko da, gobernu berri bat osatzeko aukerarik dagoen ikusteko. Hala ez bada, Salvinik eskatutakoa bete beharko du, eta hauteskundeak aurreratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.