Augusto Pinocheten diktaduran DINA polizia sekretuko zuzendari izan zen Manuel Contreras jenerala auzipetuzuen atzo Txilek. Villa Grimaldi diktadurako tortura zentro gogorrenean preso politikoak torturatu izana leporatzen diote Contrerasi .Alejandro Solis epaileak hartu zuen auzipetzeko erabakia. DINAko beste zortzi agente sekretu ere auzipetu zituen polizia sekretuko zuzendariarekin batera: Marcelo Moren Brito, Pedro Espinoza, Miguel Krassnoff, Osvaldo Romo, Basclay Zapata, Fernando Laureani, Francisco Ferrer Lima eta Gerardo Godoy.
Villa Grimaldin, 1974. urtearen bukaeran eta 1975. urtearen hasiera bitartean hogeita bi preso politiko torturatu izana leporatzen die epaileak, berrogeita hamar orrialde baino gehiago dituen ebazpen judizialean. Villa Grimaldin 400 preso politiko inguru desagertu ziren1973 eta 1990 bitartean. Pinocheten kontra zeudenak eta ezkerreko mugimenduko kideak zirenak legez kanpo giltzaperatzen zituzten bertan DINAko agenteek.
Solisen arabera, auzipetuek presoak torturatzen zituzten, askotan diktadorearen aurkako beste lagun batzuei buruzko informazioa ateratzeko. Horrez gain, presoek begiak estalita izaten zituzten denbora guztian, oso gela txikietan egoten ziren eta ez zieten jatekorik ematen lehenengo hiru egunetan.
Ez da lehenengo aldia Manuel Contreras tortura delituengatik auzipetzen dutena. Contreras, gainera, espetxe zigorra betetzen ari da Krasnoff, Moren Brito eta Laureanirekin batera Miguel Angel Sandoval ezkertiarra bahitzeagatik.
TXILE
DINAko zuzendari ohia auzipetu dute, tortura delituengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu