Rafi Eitan ministroak irrati publikoan adierazi duenez “Oraindik, nazioarteko indar bat inguruetara sartzeko aukera dago”. Israelgo Gobernuaren Segurtasun Kontseiluak Libanoko hegoaldean operazio militarrak zabaltzea onartu zuen atzo. Proposamenaren helburua mugatik 30 kilometrotik barnealdera sartzea da, Litani aldera. Era horretan, Hezbolak koheteak jaurtitzen dituen guneetan kontrola ezartzea nahi dute.
Nolanahi ere, Gobernuko zenbait iturrik argi dute luze baino lehen erasoaldi handi hori egingo dutela. Anonimatuan mantendu nahi izan den buruzagi politiko batek erasoaldia “orduetan” hasiko dela baieztatu du. Gainera, honen aburuz “NBEaren Segurtasun Kontseiluak ebazpena sortzeko aukerarik ez dauka Frantzia eta AEBen artean ezberdintasun handiak daude eta”.
Bien bitartean, Israelgo irrati publikoak jakinarazi duenez israeldarrak posizioak hartzen hasi dira Mariaiun hirian, Libano hegoaldean. Besteak beste, lurreko tropak, ibilgailu blindatuak eta gudu orgak sartu dituzte bertan. Lekukoek adierazi dutenez Israelgo militarrek hiria kontrolatzen dute, eta hainbat borroka izan dira soldadu israeldarren eta miliziano xiiten artean. “Israelgo tropek Klaia hirira sartzeko saiakera egin dute” gaineratu dute iturriek.
Bestalde, Israelgo ofizial bat irratitik jakinarazi duenez mugatik 30 kilometrotara, Litani hegoaldean, 3.000 eta 4.000 miliziano xiïta daude. 150 pertsonez osatutako taldeak hainbat herrixketan banatu dira. Bere aldetik, Israelgo Armadak Libanoko hegoaldean 6500 soldadu sartu ditu eta beste 2000 muga ondoan.
Ekialde Hurbila