AEBetako Auzitegi Gorenak gaur emandako epai batek bidea zabaldu du talde ez-minoritarioetako kideek, hala nola heterosexualek zein zuriek, diskriminazioagatik salaketak jar ditzaten. Epaileek arrazoia eman diote lanpostua lortzeko orduan heterosexuala izateagatik baztertu zutela salatu zuen emakume bati, Marlen Amesi, eta aurrera jarraitu ahal izango du epaiketan. Orain arte, instantzia baxuagoko auzitegiek froga gehigarriak aurkeztea exijitu diete diskriminazioagatik salaketak jarri dituztenei, talde minoritarioen parte ez baziren. Gorenak, ordea, exijentzia horiek albo batera utzi ditu Amesen kasuan.
2020an jarri zuen salaketa Amesek. Ohion egiten zuen lan, adingabeen zentro batean, eta, salatzailearen arabera, kaleratu egin zuten lankide gay bati bere lanpostua emateko. Gainera, Amesek salatu zuen beste lankide lesbiana bat mailaz igo zutela bera igo ordez. Akusazioaren arabera, lantokiko ikuskatzailea gaya zen, eta horregatik hautatu zituen.
Gorenaren sententziak dioenez, legearen arabera «herritar orok du babes maila bera», izan talde minoritario baten parte ala ez. Horregatik, epaiaren arabera, AEBetako Kongresuak ez die auzitegiei aukerarik uzten talde minoritarioetako kide ez direnei froga gehiago eskatzeko. Gaurko epaiak ez du esan nahi Amesek auzibidea irabazi duenik, baina ez du froga gehigarririk aurkeztu beharko, eta epaiketari berrekin ahal izango dio lehen instantziako auzitegi batean.