Gerra egiteko hamaika modu daude: balia daitezke droneak eta misilak; tankeak eta errifleak; kontrola daiteke laguntza humanitarioa eta inposatu gosetea; eta sor daiteke lan zikina egingo duen aliatu bat, etsaiaren etxean bertan. Tradizio handiko estrategia da: divide et impera esaten zaio latinez. «Israelek hamarkadak daramatza proxyak eta mertzenarioak sortzen haiek krimenak egin ditzaten; finean, aurkaria banatzeko eta, horrela, irabazteko», azaldu du Neve Gordon Londresko Queens Mary Unibertsitateko Zuzenbide Humanitarioko irakasleak. Eta Tel Aviv hala egiten ari da orain ere: «Abu Xababen taldearen kasua ez da oso diferentea».
Yasser Abu Xabab da Herri Indarrak izeneko proxyaren burua, eta Gaza hegoaldean jarduten du, Khan Yunis eta Rafah hirien arteko eremuan; Rafah ekialdean du sorlekua. Tribu beduino batean jaio zen Abu Xabab, eta, Hamasek hala aginduta, preso egon zen hainbat urtez, harik eta talde islamista horrek 2023ko urriaren 7an egindako erasoa baliatuta kartzelatik ihes egin zuen arte; besteak beste, leporatzen zioten tabako, droga eta arma trafikoan aritzea. Iturri ofizialak aipatuz nazioarteko hainbat hedabidek kaleratu dutenez, 2024ko ekainean sortu zuen Hamasen aurkako mugimendua. Palestinako talde islamista zerrendako agintetik kentzea du helburu, eta Israel du hori lortzeko bidelagun.Â
Joan den uztailean, Abu Xababek berak aitortu zuen, Israelgo Kaan irrati publikoan egindako elkarrizketa batean, Rafahn dauden Israelgo tropekin «koordinatzen» direla beren «babesa eta segurtasuna» bermatzeko, baina ukatu egin zuen soldadu israeldarrek beren «ekintza militarretan» parte hartzen dutenik. Halere, agerikoa da taldeak Israelekin duen lotura. Abu Xababek eta haren taldeko hainbat kidek argazki eta bideo ugari igo dituzte sare sozialetara; batez ere, Instagram eta Tiktok plataformetara: punta-puntako autoak, tabako paketeak eta janari mordoa agertzen dira horietan. Aintzat hartzekoa da, gainera, taldeak jarduten duen eremuan ez dela ageri zerrendako gainontzeko lurraldeetako suntsipenik; ez birrindutako etxerik, ez hurbileko bonba hotsik.Â
«Gazako biztanleak zatitzea ez ezik, beste zerbait ere lortzen du Israelek: erantzukizun juridikoetatik libratzea; Abu Xababek egiten baditu krimenak, hark egiten ditu, ez Israelek»
NEVE GORDONÂ Zuzenbide humanitarioan aditua
«Gazako biztanleak zatitzea ez ezik, beste zerbait ere lortzen du Israelek: erantzukizun juridikoetatik libratzea; Abu Xababek egiten baditu krimenak, hark egiten ditu, ez Israelek», esan du Gordonek. Israelen estrategia belikoak eta okupazioa areagotzeko tresnak aztertu zituen 2008an argitaratutako Israelen okupazioa liburuan, eta palestinarrak zatitzeko asmoz Israelek sostengatutako hainbat milizia, talde armatu eta proxy aipatzen ditu bertan. Horien errepasoa egin du bideo deian: «Zisjordania okupatu ondoren [1967], Israelek Village League taldea sortu zuen [1977an] Palestinako lurralde okupatuetako landa eremuetan, PAE Palestina Askatzeko Erakundea eta horko kide nagusi Al-Fatah ahuldu zitzan; hamar urte geroago, 1987an, Hamas sortu zen, eta ordutik baimendu egin du Iranek eta Qatarrek talde islamista ekonomikoki babestea». Hain justu, joan den astean, Israelgo The Jerusalem Post egunkariak Benjamin Netanyahu lehen ministroak 2020an sinatutako dokumentu baten berri eman zuen; horren arabera, Israelgo Gobernuak Qatarri eskatu zion Hamasi dirua ematen jarrai zezala.
Israeldarrek badakite Tel Avivek hala nahi izan duelako daukala Hamasek egun duen indarra, eta badira horregatik Netanyahuri kargu hartzen dioten herritarrak, baina, Gordonek azaldu duenez, Israelgo gizartearen parte handi batek uste du «palestinarrak kontrolatzeko eta kudeatzeko politika bat» dela; hortaz, «barkatu egiten dute». Gainera, jakina da milizia eta talde armatu palestinarrak babestu dituztela aurreko gobernuek ere. Iraganeko adibideei erreparatuta, ordea, Abu Xababen taldearen kasuan bada ezaugarri nabarmen bat: «Proxy hau genozidio baten erdian elikatu dute; palestinarrak suntsitzeko saiakera anker baten erdian».
Ez dira gauza bera
Azken asteetan nazioarteko hedabideetan Abu Xababen eta haren kideen inguruan hitz egin den arren, ez dago argi Herri Indarrak zer den: talde armatu bat, milizia bat, talde kriminal bat, proxy bat… definizio eta izen andana erabili dira. Gordonek uste du proxy hitza dela horietan guztietan egokiena: «Jende askok esaten du talde kriminal bat dela, baina estatu batek, Israelek sostengatzen du ekonomikoki eta militarki; hortaz, proxy bat da. Hitz horrek, gainera, agerian uzten du harreman bat existitzen dela Israelen eta taldearen artean; talde kriminal esango bagenu, harreman horri ez ikusiarena egitea litzateke».Â
Mugimendu bat dela esan ote daitekeen galdetuta, azkar erantzun du irakasleak: «Abu Xabab kolonialismoaren tresna bat da; Hamas, ez. Hamas palestinar erresistentziaren aldeko mugimendu bat da; adar militar bat du, bai, baina baditu haurtzaindegiak, eskolak eta ospitaleak ere». Erakunde islamistak Gazako hauteskunde legegileak irabazi zituen 2006an, eta hurrengo urtean hartu zuen zerrendaren kontrola.Â
Hilabete ere ez da igaro AEBek Gazarako proposatutako meniaren lehen fasea indarrean sartu zenetik, eta ordutik behin baino gehiagotan urratu du hitzartutakoa Israelek, jarraitu egin baitu zerrendari eraso egiten eta palestinarrak hiltzen; Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 240 baino gehiago. Datozen egunetan zer gertatuko den jakin ezin den arren, Gordon ez dago itxaropentsu: «Genozidioaren erantzule guztiek beren erantzukizuna aitortu, prozesu bati ekin eta proiektu koloniala bertan behera uzten duten arte, ezin izango da Gaza berreraiki».