Dominique Pelicotekin harremana zuen gizon bat epaitzen hasi dira Frantzian, emaztea bortxatzea egotzita

Instrukzioaren arabera, Pelicotekin harremanetan jarri zen, hark emaztea drogatzeko eta bortxatzeko zuen «eskarmentuaz» baliatzeko asmoz.

Dominique Pelicoten aurkako epaiketa egin zuten eraikina, Avignonen, 2024ko irailean. EDGAR SAPIÑA / EFE
Dominique Pelicoten aurkako epaiketa egin zuten eraikina, Avignonen, 2024ko irailean. EDGAR SAPIÑA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 11
11:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dominique Pelicotekin harremana zuen gizon bat epaitzen hasi dira gaur Lyonen (Frantzia), bikotekidea drogatzea eta bortxatzea egotzita. Dominique Pelicoti hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2024ko abenduan, bere emazte Gisele Pelicot bortxatzeagatik.

AFP France-Presse albiste agentziak eskuratu du instrukzioko epaileek kasuaz egindako laburpena, eta hartan nabarmendu dute gizon hori harremanetan jarri zela Pelicotekin, hark emaztea drogatzeko eta bortxatzeko zuen «eskarmentuaz» baliatzeko asmoz. 

Duela bi urte atxilotu zuten auzipetua. Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, izen handiko bezeroen bizkartzain gisa lan egiten zuen. Ukatu egin ditu karguak, haren abokatuaren esanetan. Frantziako hedabideek jaso dutenez, ikerketak erakusten du harremanetan jarri zela Pelicotekin; abokatuaren arabera, ordea, horrek ez du esan nahi haren «dizipulua» zenik.

Epaileen laburpenean jaso dutenez, auzipetuaren bikotekideak deklaratu zuen hiru urtez «neke handia» pairatu zuela, hori zerk eragiten zion jakin gabe. Gainera, bihotzeko arazoak eta zorabioak ere nozitu zituen, besteak beste.

Gisele Pelicot ia hamar urtez bortxatu zuten haren senarrak eta beste 50 gizon inguruk. Beste horiei ezarritako zigorrak eskatutakoak baino arinagoak izan ziren: hiru eta hamabost urte artekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE