Donald Trump are gehiago aberastu da Etxe Zurira itzuli zenetik

Bere diru sarrerak argitaratu ditu AEBetako presidenteak. Kriptodiruaren bidez 1.400 milioi dolar inguruko diru sarrerak eduki ditu. «Gardentasunez» jokatzea aldarrikatu du.

Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurian, herenegun. SAMUEL CORUM / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurian, herenegun. SAMUEL CORUM / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 1a
14:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konparaketa bat. Donald Trumpen enpresek 622 milioi dolar inguruko diru sarrerak eduki zituzten 2024an. Artean Etxe Zurira itzuli gabe zegoen. Bueltatu zen iazko urtarrilean, bihurtu zen berriro AEBetako presidente, eta are gehiago aberastu da. Trumpek iaz eduki zituen diru sarreren berri eman dio Gobernu Etikaren Bulegoari, eta txosten horrek erakusten du 2.200 milioi dolar inguruko sarrerak eduki zituela 2025ean; alegia, 1.930 milioi euro inguru, aurreko urtean halako hiru. Hortaz, hori ikusita, areagotu egin da daukan karguaren eta dituen negozioen artean egon daitekeen interes gatazkaren gaineko susmoa. 

Etxe Zuriak, baina, interes gatazkarik ez dagoela esan du. Gaur goizaldean —astearte iluntzea Washingtonen— zabaldu dute Trumpen iazko diru sarrerei buruzko deklarazioa, eta Etxe Zuriaren bozeramaile Anna Kellyk hori azpimarratu du, ohar batean: «Trumpek eta hura buru duen administrazioak estatubatuarren mesedetan hartzen dituzte erabakiak».

Trumpek 2025ean izandako diru sarreren artean, nabarmena da kriptodiruaren bidez bere senideen enpresek izandako irabaziak: 1.400 milioi dolar inguru. Horrek esan nahi du kriptodirua aktibo ezinbestekoa bihurtu dela Trumpentzat, nahiz eta 2021ean adierazi zuen «iruzur hutsa» zirela, «iragarritako desastre bat». Horren harira, baina, Kellyk nabarmendu du «presidentearen dekretuek» balio izan dutela AEBak bihurtzeko kriptodiruaren «hiriburu», eta horretaz «harro» daudela.

Trumpek esan izan du bere negozioen kudeaketa bere senideen esku utzi duela presidentetzara itzuli denetik, eta Etxe Zuriak mezu hori bera zabaltzen du. Hori zalantzan jartzen dutenak kritikatu ditu Etxe Zuriaren bozeramaileak: «Kontrakoa esaten duten ustezko kazetariak, hain justu, demokratek eta hedabide tradizionalek azken urteetan hauspotu duten kontakizun faltsu eta higatua errepikatzen ari dira». Trumpen kontra egiten dutenek egotzi izan diote bere boterea erabiltzea bere interes ekonomikoen mesedetan, enpresa horiek bere senideen esku jarraitzen dutelako, eta Etxe Zuriak horien jardunean eragin dezakeelako, erabaki ditzakeen politikak gorabehera. 

Deklarazioak 927 orrialde ditu, eta horrek jasotzen du World Liberty Financial kriptodiru enpresak 800 milioi dolar eman dizkiela Trumpen enpresei. Hain justu, Trumpek, bere seme-alabek eta Steve Wikoffek sortu zuten enpresa hori, eta azken horren seme Zach da burua. Kontuan hartu behar da Steve Witkoff dela Trumpen negoziatzaile nagusia, Jared Kushner bere suhiarekin batera, bai Ukrainako auzian, bai Irangoan. 

Lehen, kontra

Etxe Zuritik alde egin zuenean, 2021eko urtarrilean, kriptodiruaren aurka zegoen Trump. Azken bi urteetan, baina, iritziz aldatu du. Are, 2024ko uda-udazkenean, presidentetzarako bozen kanpainan, kriptodirua aldarrikatu zuen, eta azpimarratu AEBak nahi zituela «kriptodiruaren hiriburu» bihurtu. Beraz, atzera Etxe Zurira itzuli zenean, Joe Biden AEBetako presidente izandakoak (2017-2021) sektoreari ezarritako murrizketak kendu zituen. 

Kriptodiruarekin lortutako diru sarrerei dagokionez, horiek «ezohikoak» direla esan du George W. Bush presidente ohiaren (2001-2009) aholkulari Richard Painterrek. Hori jaso du BBC hedabideak. Era berean, zera gehitu du: «Noski dagoela interes gatazka bat».

Trumpen diru sarrera nagusiak kriptodiruaren sektoretik datoz, baina deklarazioan jasota dagoena aintzat hartuta, bere negozio ildo nagusien bidez ere —batez ere, golf zelaiak eta turismo guneak— segitzen du etekinak ateratzen, nahiz eta kasu horietan 2024koak baino txikiagoak izan ziren 2025ekoak.

Eta Trumpen familiak deklarazioaren balioa aldarrikatu nahi izan du: «Deklarazioa zabala da, sakona, eta horrek are argiago erakusten du konpromiso bat dugula gardentasunarekin. 1.000 orrialde dauzka ia, eta da inoiz aurkeztutako finantza dibulgazio txosten osoenetako bat», nabarmendu du Trump Erakundeak ohar batean, eta nabarmendu aurreko presidenteek ez dutela «hain garden» jokatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA