Alemaniako justiziak Carles Puigdemonten Espainiaratzeari buruz emandako ebazpenak markatuta egin dute dozenaka mila lagunek gaur arratsaldean manifestazioa Bartzelonan. Joan Miro parkean hasi eta Model espetxeraino egin dute ibilbidea manifestariek, presoen senideek eta protestaren antolatzaileek eraman duten pankartaren atzetik. Bukaeran mezu politikoak bota dituzte talde deitzaileen eledunek. Omniuneko Marcel Maurik adierazi duenez, ez dute negoziatuko Fiskaltzarekin: "Egin behar dutena da salaketak kendu. Presoak ez dira ezerren truke txanpon izango".
Josep Rullen bikotekide Maritxell Lluisek azaldu du ez direla bakarrik sentitzen, eta eskertzen dutela gizartearen babesa: "Oso harro gaude gure gizarteaz".
Presondegitik eta deserritik ere heldu dira mezuak manifestazioaren inguruan, sare sozialetatik bereziki. Carles Puigdemontek adierazi du kaleak "askatasunez" bete direla berriro, presoak espetxeetatik irten ahal izateko eta deserriratuak etxera itzuli ahal izateko. Manifestazioan alderdi subiranistetako kideek ez ezik, Catalunya en Comukoek ere parte hartu dute.