Israelgo Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, gutxienez 34 suziri jaurti dituzte Libano hegoaldetik Israel iparraldera, haietatik 25 lurra jo aurretik suntsitu dituzte. Erasoaldiaren ondorioz, sirena hotsak entzun dira Shlomi eta Moshav Betzet kokaguneetan, eta gutxienez hiru pertsona zauritu dira. Libanoko agentzien arabera, Israelgo armadak beste hainbat suziri jaurtiz erantzun dio erasoari, baina, kasu horretan, ez da zauriturik egon. Reuters albiste agentziak zabaldu duenez, Libanoko palestinarren errefuxiatu guneetatik jaurti dituzte suziriak, eta Hezbollahk ukatu du zerikusia izatea.
Zenbait iturriren arabera, Israelgo Polizia Al-Aqsa meskitara indarrez sartu izanarekin dago lotuta erasoa. Atzo indarrez sartu zen Polizia meskitara, ramadana ospatzen ari ziren musulmanak otoitzean ari ziren bitartean, eta 400 bat palestinar atxilotu zituen, beren otoizleku sakratuenetako batean. Tel Aviven arabera, «behartuta» sartu ziren meskitara, «burua estalita» zeraman ustezko ekintzaile bat atzematera. Operazioa amaitu eta hurrengo orduetan ere Poliziak debekatu egin zien palestinarrei euren gune sakratura sartzea; aldiz, lekukoen arabera, juduak sartu ahal izan ziren, Meskiten Zelaigunera, militarren zaintzapean. Atzo iluntzean eskainitako prentsaurrekoan egindakoa defendatu zuen Benjamin Netanyahu lehen ministroak, argudiatuz Israelek «otoitzerako askatasuna» bermatzen duela, eta ez duela onartuko «muturrekoek» gunearen statu quoa aldatzea.
Al Aqsa meskitan gertatutakoak, ordea, tentsio giroa handitu du, eta gauean zehar Gazatik ere jaurti dituzte suziriak Israel aldera. Hala, segurtasun batzordearekin bildu da Netanyahu otsailetik lehen aldiz. Arratsaldean bildu dira Herzl Halevi armadaburua eta Israelgo zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar egoera aztertzeko, eta ondorioztatu dute beharrezkoa dela Meskiten Zelaiguneko tentsioa baretzea, egoerak okerrera egingo ez badu.
Nazioartetik oharra
Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoak ere oharra luzatu die bi aldeei eta hauxe esan du: «Egoera oso arriskutsua da. Beharrezkoa da bi aldeek atzera egin eta gatazka saihestea». Libanoko Atzerri Ministerioak berehala erantzun du esanez elkarlanerako prest dagoela, eta beteko duela bi estatuen arteko 2006ko gerra amaitu zuen 1701 ebazpena, su etenerako oinarriak ezarri zituena.