Dozenaka pertsona hil dira,AEBetako armadak Afganistan mendebaldeko Shindand barrutia bonbardatuta. Horren guztiaren helburua ekintzaile talibanen kontra egitea zen arren, NATOk ez du hildako zibilen inguruan ezer esan nahi izan; ustezko bi buruzagi taliban atxilotu dituztela besterik ez du jakinarazi.
Bestalde, Helmand probintzian egindako beste operazio batean ustezko hamabost taliban hil dituzte Afganistango eta AEBetako tropen elkarlanaren bitartez. Iturri ofizialen arabera, bahitutako hamabost zibil askatu eta ekintzaileen babesleku bati eraso diote. Nahiz eta Zahir Azimi jeneral afganistandarrak operazio horretan hainbat zibil zauritu direla onartu, ez du kopurua zehaztu nahi izan.
Washingtongo gobernuak Afganistanek Pakistanekin duen mugan Al Kaeda indartzen ari dela ohartarazi zuenetik, haien kontrako borrokak areagotu egin dira. Herenegun, esaterako, 150 ekintzaile inguru hil zituztenAEBetako eta Afganistango indarrek, Pakistango mugan dagoen Paktika probintzia bonbardatuta. Akram Khalpauak gobernadorearen esanetan, goizaldean 350 lagunek kontrol gune bati eraso ondoren, tiroketak piztu ziren. Ondorioz, AEBetako armadari eskatu behar izan zioten laguntza.
Zibilen heriotzaren auzia
Helburu militarrak lortu arren,zibilak ere hil dira. Herenegun gutxienez zortzi zibil hil eta bi zauritu ziren AEBetako hegazkinek Afganistan mendebaldeko Fara probintzia bonbardatuta. Agintari militarrek deitoratu egin dute zortzi herritarren heriotza, eta gertatutakoa ikertzen ari direla jakinarazi dute.
Azken asteetan, bai AEBetakoeta bai NATOren agindupean dauden tropak parte hartutakoborroketan ere zibilak erail izana leporatu zaie. Joan den astean, esaterako, Afganistango iturri ofizialen arabera, ezkontza batean zeuden 47 zibil hil ziren AEBetako armadak bonbardatuta. Halaber, Afganistango Poliziak ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrari egotzitako 30 zibilen heriotza ukatu egin du. Aurten indarkeriaren eraginez 2.100 pertsona hil dira, eta horietatik 700 zibilak ziren.
Bake Iraunkorrerako Operazioa deituriko gerra, 2001eko urriaren 7an hasi zen, talibanen erregimenak, Osama Bin Laden AEBei entregatzeko eskaerari uko eginda. Ondorioz, George W. Bush presidente estatubatuarrak Afganistan bonbardatzeko agindua eman zuen bere «etsaia» harrapatzeko. Arratsaldeko zazpietan hasi ziren armada talibanaren ustezko kokaguneak bonbardatzen eta baita Al Kaedaren interes guneak ere.
2001eko azaroaren 13an Kabul hiriburua hartu zuten, eta beraz, talibanen gobernuari amaiera eman zioten. Gauzak hala, Hamid Karzai ezarri zuten presidentetzan nazioarteko indarrek. Oraindik, AEBetako buruzagiek ez dute beren helburua lortu, Bin Laden atxilotzea.
Dozenaka zibil hil dira AEBetako armadak Afganistan bonbardatuta
Ustezko hamabost ekintzaile hil dira Afganistanek eta AEBek egindako beste operazio batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu