Dozenatik gora lagun hil dira Europan bero boladagatik azken egunotan

Bihartik aurrera giroa freskatzen hasiko den arren bero boladak «maizago eta bortitzago» gertatuko direla ohartarazi du Copernicus behatokiak.

Nerabe bat euritako batekin beroa uxatzeko, atzo, Parisko Louvre museoan. YOAN VALAT/EFE
Nerabe bat euritako batekin beroa uxatzeko, atzo, Parisko Louvre museoan. YOAN VALAT/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko uztailaren 2a
18:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Beroaldiak dozenatik gora hildako eragin ditu azken egunotan Europan, eta bihartik aurrera giroa freskatzen hasiko da. Europako Batasuneko Copernicus behategiak ohar bidez ohartarazi duenez, neurtu diren tenperaturak ohikoagoak izaten dira uda bete-betean, eta bero boladak «maizago eta bortitzago» gertatuko dira klima larrialdiaren ondorioz, orain gertatu gisa. Are, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, herritarrek «ikasi» egin beharko dute sargorira ohitzen, gero eta normalagoak izango baitira; hala adierazi zuen NBE Nazio Batuen Erakundearen peko elkarte horretako bozeramaileak atzo.

Bero boladaren ondorioz hiru lagun hil ziren atzo, Mossos d'Esquadrak jakinarazi zuenez. 2 urteko haur bat izan zen horietako bat, zeina Valls hirian (Tarragona, Herrialde Katalanak) hil zen, auto batean ia lau ordu igaro eta gero; beste bien gorpuak, berriz, sute bat egon zen tokian aurkitu zituzten, Lleida probintziako Cosco herritik gertu. Nuria Parlon Kataluniako Barne ministroaren arabera, bi baserritar ziren, eta beren ibilgailuarekin ihes egin nahian harrapatu zituen suak. 6.500 hektarea kiskali ditu sute horrek.

Frantzian bi lagun hil dira, gutxienez, tenperatura altuengatik, Agnes Pannier-Runacher Trantsizio Ekologikorako ministroak baieztatu duenez; tartean, 10 urteko neska bat, Versaillesko jauregia bisitatzen ari zela. Hirurehun lagun baino gehiago ere artatu dituzte suhiltzaileek.

Italia iparraldeko Brescia probintzian, 70 urteko kamioi gidari bat hilda aurkitu dute bere ibilgailuan, atsedentoki batean, gaur goizean; larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute kamioilaria suspertu. Antza denez, baliteke heriotzak zerikusia izatea beroaldiarekin. 75 eta 65 urteko bi gizon ere hil dira Sardinian, hondartzan; eta, Genovan, 85 urteko bat hil da —deshidratatu egin da, ospitalean artatu dute, eta bertan hil da—. Azken egunetan beste bi lagun ere hil dira Italian, bero sapagatik —eraikuntzako langile bat, Bolognan, beharrean ari zela, astelehenean; eta andrazko bat, Sizilian, bihotzekoak jota—.

Espainiako Plasencia hirian 67 urteko gizon bat hil da beroak jota, eta, Kordoban, 75 urteko beste gizon bat.

Tenperaturak, gorenean

Oraindik alertan daude Europa hegoaldeko eta erdialdeko hainbat eremu, baina gaurtik aurrera leuntzera egingo du tenperaturak. Dena den, Pannier-Runacher ministroak adierazi du joan den ekaina inoizko beroenetakoa izan dela; bigarrena, zehazki, 2003koaren atzetik —1900. urtean hasi ziren eguraldiaren datuak erregistratzen—. Alemanian, bestalde, atzo neurtu zuten urteko tenperaturarik altuena, Bavarian (37,8 gradu), eta 40 graduko maximoak emanda zeuden gaurko.

Bero boladak ikusita, hainbatetan hartzen dira langileen onerako neurriak, baina Italiako erabaki batek zeresana eman du: Glovo enpresarentzat lan egiten duten banatzaileek lanean jarraitu ahal izango dute, beroa gorabehera. Tenperatura 32 gradutik gorakoa izanez gero, %2 gehiago irabaziko dute; 36 gradutik gorakoa izanez gero, %4 gehiago; eta 40 gradutik gorako egunetan, %8 gehiago. Alegia, bero itogarria egiten duenean, hamar euroko eskari batengatik, esate baterako, hogei, berrogei edo laurogei zentimo gehiago irabaziko dituzte, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.