Duda ultrakontserbadoreak irabazi ditu Poloniako presidentetzarako hauteskundeak, botoen %51,2rekin

Lehen bueltan ere Dudak lortu zituen boto gehien. Parte hartzea %68,12 izan zen atzoko bozketan.

Andrzej Duda Poloniako presidentea hauteskunde ondorengo prentsaurrekoan. RADEK PIETRUSZKA / EFE
2020ko uztailaren 13a
12:16
Entzun

Botoen %99,97 kontatuta, Andrzej Duda ultrakontserbadoreak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak Polonian. Hauteskunde Komisioak zabaldutako behin-behineko emaitzen arabera, botoen %51,2 lortu ditu Dudak. Bost urtez presidente izan da, eta atzoko bozketan botoen gehiengoa lortu zuen. Bestalde, haren aurkari Rafal Trzaskowski liberal europarrak, Varsoviako alkatea denak, botoen %48,7 lortu zituen. Polonian 1989tik izan diren emaitzarik estuenak dira.

Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia izan zen atzokoa Polonian. Parte hartzea %68,12 izan zen, bozkatzera deituta zeuden 30 milioi pertsonen artean. «Parte hartzea ia %70 izanda, hauteskundeak irabaztea izugarria da», adierazi zuen Dudak, lehen emaitzak jakin zirenean. «Orain arte aurrera eraman ditudan politikak egiten jarraituko dut. Nire herrikideekin elkarrizketan jarraituko dut; hori ez da aldatuko», gehitu zuen.

Bozkalekuak itxi bezain laster zabaltzen hasi ziren lehen inkestek jada irabazle jartzen zuten Duda, baina aurkariari ateratako aldea txikia zen: %50,4 presidentearentzat eta %49,6 Trzaskowskirentzat. Emaitza horiekin, Dudak bere burua irabazle aldarrikatu zuen atzo gauean. Aldiz, Trzaskowskik behin betiko emaitzei itxaron nahi izan zien, eta esan zuen «guztiz sinesten» zuela irabazle izango zela boto kontaketa amaitzean.

Hauteskundeen lehenengo buelta ekainaren 28an izan zen, guztira 11 hautagairekin. Orduan ere, Dudak lortu zituen boto gehien, %43,5. Trzaskowskik, berriz, botoen %30,46 lortu zituen lehen itzuli horretan. Bigarren itzulian, emaitza estuak espero ziren; izan ere, azken egunetako inkestek botoen %50 ematen zioten Dudari, eta %47, berriz, liberal europarrari.

Hasieran, presidentetzarako hauteskundeak maiatzaren 10ean egitea aurreikusita zegoen. Hala ere, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, neurri murriztaileak ezarri ziren, eta hauteskundeak atzeratu. Bai hauteskundeetako lehen itzulian, atzo, segurtasun eta higiene neurri zorrotzen pean bozkatu zuten poloniar herritarrek.

Kanpainan izandako gaien artean zegoen, esaterako, etorkizunean Poloniak eta Europako Batasunak izango duten erlazioa. Horrez gain, Dudaren garaipenarekin, LGTB kolektiboaren eskubideen aurkako neurriak espero dira. Izan ere, ultrakontserbadoreak kanpainan esan zuenez, «eskubide horiek komunismoa baino ideologia suntsitzaileagoa» dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.