EB afganiarrak aberriratu nahian dabil

Europako Batasuna eta talibanak Bruselan biltzekoak dira ekainean, afganiarrak itzularazteari buruz eztabaidatzeko; bien bitartean, Afganistanen emakumeen eskubideak jomugan daude.

Irandik itzulitako afganiarrak Heraten, iaz. SAMIULLAH POPAL / EFE
Irandik itzulitako afganiarrak Heraten, iaz. SAMIULLAH POPAL / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko ekainaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Errepresioa, atxiloketak eta gabeziak badauden arren, oraindik ere badago, bai, aldaketa bat gertatuko delako esperantza». Bahar Khamox ekintzaile afganiarrak erbestetik idatzi du jaioterriaz, talibanek inposatutako «ankerkeriek» herrialdea uztera behartu baitituzte ehunka mila lagun. Gehientsuenek inguruko herrialdeetara egin dute ihes —Pakistanen bizi da Khamox—, eta mendebalderago ere joaten dira, Europarantz. EB Europako Batasunak hango bizimodua nolakoa den badakien arren, Afganistandik heldutakoak aberriratzea ari da aztertzen; iazko urrian, talde komunitarioko hogei bat kidek zera eskatu zioten Europako Batzordeari: neurriak erraztea paperik gabekoak eta, zehazki, «ordena publikoarentzat mehatxua direnak» kanporatzeko helburuz «itzulera boluntario eta behartua» ezartzeko. EBk horri buruz eztabaidatuko du talibanekin hilabete honetan, Bruselan.

Zehazteko dago bilera zein egunetan egingo duten. Joan zen astean Afganistango Atzerri Ministerioak Efe agentziari adierazi zion baietz, talde komunitarioaren gonbita jaso zutela. «Inork ez digu esan zer den kontu hori; informazio gehiago jasotzen segituko dugu», adierazi zion, berriz, agentzia horri talibanen bozeramaileak, Zabihullah Muhajidek. EBk ez dauka harreman diplomatikorik Afganistanekin, ez baitu aitortzen talibanek 2021eko abuztuaren 15ean de facto ezarritako gobernua; dena den, giza eskubideen aldeko erakundeek leporatu diote deportazioei buruz eztabaidatzeko bilerak gobernu hori eta emakumeen kontrako diskriminazioa «legitimatzea» dakarrela.

Talibanak aurrez ere egonak dira agintean (1996-2001), harik eta Ameriketako Estatu Batuek herrialdea inbaditu zuten arte; hogei urteko gerra eragin zuen horrek, eta, tarte horretan, muturreko islamista horiek milizia gisa jardun zuten batik bat Afganistan hegoaldean. Washingtonek bake akordioa sinatu zuen talibanekin 2020an, eta hurrengo urtean iragarri zuen tropak erretiratuko zituela, nahiz eta aurreko urteetan soldadu kopurua murriztuz joan; azkenerako, islamistak geroz eta lurralde gehiago bereganatzen hasi ziren, eta boterea hartu zuten.

Bizimodu «zitala»

Muturreko islam politikoa ezarri dute orduz geroztik, eta nesken eta emakumeen kontrako legeek eta arauek bizimodua «zitaldu» dute, Khamoxen esanetan: «Ez dute ez ikasteko eskubiderik, ez lan egiteko eskubiderik, ezta bizitza publikoan parte hartzeko eskubiderik ere». Afganistanen, 12 urtetik aurrera neskek ezin dute ikasi, eta emakumeek ezin dute lanik egin; are, talibanek moralitateari dagokion lege bat onartu zuten duela bi urte, eta horretan jaso zuten emakumeek gorputza estali behar dutela «erabat», eta aurpegia ere bai, «ez ditzaten gizonak tentazioan erorarazi». Horri buruz, Khamoxek esan du «bizitza normal bat» edukitzea ukatzen zaiela.

Talibanek agindutakoaren kontrako ezein ekintzak dakartzan ondorioak ikusita, adorea baino zerbait gehiago eskatzen du «ogia, lana, askatasuna eta hezkuntza» oihukatzeak, non eta Herat hiriko Jebrail auzoan. Joan den astearen hasieran ehundik gora lagun bildu ziren hazara etniakoak gehiengoa diren auzo horretan, bezperetan dozenaka emakume atxilotu zituen-eta Moralaren Poliziak, burka edo gisakoak ez janztea leporatuta —aurrez, Afganistango Bertuteen Sustapenerako eta Bizioen Prebentziorako Ministerioak Herateko emakumeei ohartarazi zien ez ateratzeko kalera aurpegia estaltzeke—. Poliziek indarrez erantzun zuten atxiloketen osteko protestetan, pare bat lagun hil zituzten, eta dozenaka atxilotu.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 30 bat emakume eraman zituzten indarrez, eta horietako zenbait aske utzi zituzten gero. Khamoxek «kezka» adierazi du inolako krimenik egin gabe atxilotu zituztenengatik, «biziki mingarria» dela esan du, eta salatu «arbitrarioak» direla atxiloketak: «Erakusten dute emakumeen bizitzak eta askatasunak estutzen doazela egunez egun. Giro horrek beldurra zabaldu baino ez du egiten herrialde osoan zehar». 

Horrexegatik uste du «ondorio latzak» ekar ditzakeela EBren eta talibanen arteko bilerak, batik bat emakumeak, eskubideen aldeko ekintzaileak, kazetariak eta bestelako talde zaurgarriak itzultzera behartuz gero: «Askok jazarpenari, atxiloketei, errepresioari, biolentziari edo heriotzari egin beharko diete aurre Afganistanera itzuliz gero».

Gogoratu du talibanek ez dutela nazioartearen aitortza, eta emakume afganiarrek duten «determinazioa» badela «aldaketaren bat» gertatuko dela sinesteko arrazoia. Hori bai, nazioarteari neurriak hartzeko eskatu dio: «Horretan huts egiteak auskalo zenbat bizitza jarriko lituzkeen arriskuan, Afganistango gizartea are gehiago ahulduko luke eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA