EB: «Heriotza zigorra ezarriz gero, Turkia ezin da izan Europako Batasuneko kide»

Bruselak Erdogani erran dio estatu kolpea ezin dela «aitzakia» izan«legearen inperioa alboratzeko». Turkiako presidenteak 8.000 polizia kendu ditu kargutik

Ortziralean kolpistek hildako Poliziaren talde berezietako kide baten hileta, atzo, Ankarako Kocatepe meskitan. STR / EFE.
mikel rodriguez
2016ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Giroa ez berehalakoan baretukoTurkian ortziraleko estatu kolpe saialdiaren ondotik. Recep Tayyip Erdogan presidenteak hitzemandako garbiketarekin jarraitu du estatuko egituretan, eta atzo Barne Ministerioko ia 9.000 funtzionario inguru kendu zituen kargutik —gehienak poliziak—, eta Finantza Ministeriotik bertze 1.500. Ortziralaz geroztik, 7.500 lagun atxilotu dituzte kolpearekin zerikusia dutelakoan, horien artean Akin Ozturk jenerala, Erdoganen aldekoek kolpearen buruzagitzat dutena —atzo, fiskalari ukatu zion hori Ozturkek—. Egoera horren erdian piztu da Turkian heriotza zigorra berrezartzeko eztabaida, eta Erdoganek hitzeman du eskaria kontuan hartuko duela. EB Europako Batasunaren erantzuna argia izan da: «Heriotza zigorra ezarriz gero, herrialde bakar bat ere ezin da izan Europako Batasuneko kide», adierazi du Federica Mogherini EBko diplomazia arduradunak. Giro gaizto halakoan, adierazgarria izan da Binali Yildirim Turkiako lehen ministroak kolpea dela-eta izan duten jarreragatik eskertu dituen erakundeen artean aipatu izana Kurdistango burujabetzaren aldeko HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa. HDPk, kurduek eta aleviek islamisten erasoak jasan dituzte azken egunotan.

Erdoganek hartutako neurrien eta egindako adierazpenen harira, EBko ordezkari anitz mintzatu ziren atzo, eta argien hitz egin zuten heriotza zigorra ezartzeko aukerari buruz. «Heriotza zigorra abolitzea ezinbertzeko baldintza da EBko kide izateko, eta, Turkiari dagokionez, bakarrik erran dezaket Europako Kontseiluko kidea dela eta horko kide diren herrialdeen artean XXI. mendean ez dela heriotza zigorrik ezarri», adierazi du Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak.

Komisarioaren susmoak

«Turkian heriotza zigorra ezartzeak erran nahiko luke [EBko kide izateko] negoziazioak bukatuko liratekeela», baieztatu zuen Steffen Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak. Turkiak 2004an hasi zituen EBko kide izateko negoziazioak, baina batasuneko estatu anitzen erreparoengatik ez dira garatu. Bruselak eta Ankarak aurten errefuxiatuen inguruan egindako akordioan bildu zuten elkarrizketak bizkortzeko erabakia. «Hau [kolpea] ez da aitzakia bat legearen inperioa alboratzeko, eta hurbiletik zainduko dugu hori», ohartarazi dio Mogherinik Erdogani. Johannes Hahn EBko Auzotasun Politikaren komisarioak, gainera, susmo argia erakutsi du, erran baitu egun hauetako kargugabetze eta atxiloketa sailek erakusten dutela Erdoganek funtzionarioen zerrenda beltz hori kolpearen aitzinetik prestatua zuela, «unea ailegatzean erabiltzeko».

Mogherinik agerraldia egin du Bruselan John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin batera. Turkiako Gobernuko zenbait kidek AEBei egotzi diete estatu kolpea laguntzea, bertzeak bertze, Fethullah Gulen predikatzaile islamista herrialde horretan bizi delako —hari egozten dio Erdoganek kolpea antolatzea—. Kerryk herenegun Ankarari ohartarazi zion halako adierazpenek ez zutela «laguntzen» bi herrialdeen arteko harreman onari eusteko, eta atzo Turkiako Gobernuari eskatu zion Gulenen estradizio prozesua hasi nahi badu frogak aurkezteko, eta ez egiteko «adierazpen hutsak». Yildirim lehen ministroak orain arteko erantzun gogorrena eman die AEBei. «Gure adiskidetasuna aztertzea ere agendan jar dezakegu. Gure Justizia ministroak eginen du beharrezkoa den lana», erran du Ankaran egindako agerraldian.

Ortziraleko estatu kolpean guztira hildakoen bertze kopuru bat eman zuen atzo Yildirimek: 232 —208 kolpistek hilak, eta 24 hildako kolpistak—. Erdogan presidenteak karrika bero mantendu nahi du, jarraitzaileen babesa erabakigarria izan baitu boterean irauteko; horregatik, atzo arratsaldean karrikara ateratzeko deia egin zien herritarrei, hildakoei azken agurra emateko. 7.500 atxilotu ingururen artean, armadako 103 jeneral eta almirante daude, Anadolu agentziaren arabera. Kargutik kendutako poliziak 8.000tik goiti dira, eta epaileak, berriz, 2.000tik goiti. Funtzionario guztiei atzerrira bidaiatzeko baimena mugatu diete, gainera. AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren jarraitzaileek eta bertzelako islamistek karrikak hartu dituzte, eta, Hurriyet egunkariak jakinarazi duenez, ekialdeko Malatya probintzian tentsioa anitz handitu da, alevien auzoei eraso dietelako —islamaren bertze adar baten fededunak dira—.

HDPri eskertza Yildirimek

Kurdistanen iaz berpiztutako gerrak bere hartan iraun du, eta tentsioa handia da, ez baitago argi kolpe saiakerak zein bidetan eraginen dion gatazkari. Atzo, Yildirimek ezusteko keinua egin zuen, HDP eskertzetan aipatuta. «Erakunde anitzi eman dizkiegu eskerrak. CHPko [Herriaren Alderdi Errepublikanoko], MHPko [Mugimendu Nazionalistaren Alderdiko] eta HDPko buruzagitzekin solas egin dugu, eta erran dute alderdikeriek ez dutela tokirik. Herriaren aurkako halako ahalegin lotsagarriaren aurka agertu dira, eta erran dute prest daudela gobernuari mota guztietako laguntza emateko. Haien buruzagiei eskerrak eman dizkiegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA