EB Europako Batasuneko buruzagiek sentitu dute azken egunetan Donald Trump AEBetako presidenteak kikildu egin nahi dituela, berriro. Joan den ostiralean Washingtonek kaleratutako Segurtasun Nazionalerako Estrategian jartzen duenez, «desagertzeko» arriskuan dago Europako «zibilizazioa». Hori eragozteko, AEBen asmoa da talde komunitarioaren jardunean esku hartzea, eta kontinenteko «alderdi aberkoiez» baliatzea «[Mendebaldeko] espiritua berpizteko»; hau da, indar ultra euroeszeptikoez. Hori ikusirik, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak gaur erantzun du ezin dutela onartu Europako politikagintzan eragitea helburu duen «mehatxu» hori.
AEBetako administrazioak atzerri politikan dituen lehentasunak ezartzen ditu dokumentu horrek, eta agintaldi bakoitzaren hasiera aldera argitaratu ohi dute. Etxe Zurira itzuli zenetik 11 hilabete pasatu diren honetan, Trumpek dio Europari «lagundu» nahi diotela «norabidea zuzentzen». Horiek horrela, Costak Parisko Jacques Delors institutuan azpimarratu duenez, aliatuek ez dute beren aliatuen jardun politikoa oztopatzen.
Baina Trumpen administrazioa hasiera-hasieratik ari da horrela jokatzen. Otsailean, Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania) emandako hitzaldi batean, J. D. Vance AEBetako presidenteordeak adierazi zuen adierazpen askatasuna «atzerantz» egiten ari zela Europan. AEBetako Gobernuaren ikuspegi geopolitikoa jasotzen duen testuak dioenez, EBk eta beste instituzio transnazional batzuek askatasun politikoa «zulatzen» dute, eta Washingtonek Europari egozten dion dekadentzia eragin dute, besteak beste, «kontinentea itxuraldatzen eta gatazkak sortzen ari diren migrazio politikek». Horiek horrela, Costak uste du orain «argi» dagoela zein den AEBen jarrera.
420Migratzaile gehien hartzen dituzten EBko kideek zenbateko laguntza jasoko duten, milioi eurotan. Europar Kontseiluak onartu du gaur 420 milioi euro bideratzea talde komunitarioan migratzaile gehien hartzen dituzten herrialdeei laguntzeko. Espainia, Zipre, Grezia eta Italia dira herrialde horiek. Klubeko estatuburuek eta gobernuburuek onartu dute, gainera, herrialde horietara iritsitako 21.000 etorkin lekuz aldatzea.
Washingtonek Europari eskatzen dio, bide batez, «bere gain» hartzeko «bere defentsa». Costaren esanetan, jokabide horrek Europaren «segurtasunari» ere eragingo dio. Datozen urteetan gastu militarra handitzeko plan bat onartu zuten EBko estatu kideek, aurreko maiatzean; eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideek konpromisoa hartu dute gastu militarra norbere BPG barne produktu gordinaren %5 izateko 2035erako —2014ko helburuarekin alderatuta, hiru puntu handiagoa—.
Errusia ez da nemesia
EBko estatu kideetako zenbait ministrok eta europarlamentari batzuek talde komunitarioaren jarduna defendatu dute azken egunetan. Alemania da klub horretako potentzia ekonomiko eta demografiko nagusia, eta hango gobernuaren bozeramailearen ondokoak, Sebastian Hillek, gaitzetsi egin du AEBek beren atzerri politikarako dokumentuan jasotakoa, oro har, gaur, agerraldi batean. Halere, Berlinek ere pentsatzen du Europak bere segurtasuna «bermatu» beharra daukala «era esanguratsu batean».
Ohartarazi du, baina, AEBek ez dutela dokumentu horretan Errusia «mehatxu» gisa hartu. «Ezin gara bat etorri ikuspegi horrekin: Errusiak arriskuan jartzen du segurtasun euroatlantiar osoa». Aintzat hartuta zer dioen atzerri politikarako lehentasunen dokumentuak, Washingtonek ez du, orain arte historikoki gertatu bezala, nemesi gisa ikusten Errusia; EBrekiko mesfidatiagoa da. «Munduaren ikuspegi diferentea dugu», laburbildu du Costak.