Erresuma Batuak bost urte pasa daramatza EB Europako Batasunetik kanpo, 2020ko otsailaren 20an indarrean sartu zenetik brexit-a, dibortziorako ituna. Alderdi Kontserbadorea egon zen agintean prozesu guztian, harik eta iazko uztailean Keir Starmer laborista lehen ministro izendatu zuten arte. Downing Streeteko 10. zenbakira itzuli ziren laboristak hamalau urte geroago, eta Starmerrek nabarmendu zuen nahi zuela Erresuma Batuak beste era bateko harremana edukitzea EBrekin. Ia urtebete geroago, harreman horiek berrezartzeko akordio bat egin dute gaur bi blokeek. Kaleratu dituzten dokumentu bateratuetako baten arabera, «lankidetza estrategiko berri baterako» itun bat sinatu dute, eta horrek helburu izango du bien harremana «indartzea». Defentsa arloa eta «biek dituzten balioetan» oinarritutako kooperazioa lehenetsi dituzte.
Aurreikusi dute urtero goi bilera bat egitea —defentsa arloan koordinatzeko sei hilean behin batzartuko dira—, eta aurrenekoa gaur egin dute, Londresen. Starmerrek eta EBko liderrek parte hartu dute: Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak; Antonio Costa Europar Kontseilukoak eta Kaja Kallas klubeko diplomaziaburuak. Lehen hirurek agerraldi bateratu bat egin dute, eta Von der Leyenek esan du «aurrera begira» jarri direla. «Beste kapitulu bat hasi dugu gure harreman bakanean. Bazkide historiko eta naturalen arteko historia da hau, eta erronka berak dituzte, baita helburu berak ere, eta bat datoz balioetan». Nabarmendu du, bide batez, akordioak defentsako kooperazioa handituko duela. Starmerrek ere esparru horretan abiatutako lankidetzaren «garrantzia» azpimarratu du.
Dibortzioaz geroztik bi aldeek eginiko aurreneko batzarra da gaurkoa. Testuinguru geopolitikoa aldatu egin da azkeneko bost urteotan; bai Ukrainako gerrak eta bai Donald Trump AEBetako presidentearen jokabideak eragindako ziurgabetasun geopolitikoak arlo horretan lankidetzan aritzera bultzatu ditu bi blokeak.
EBko liderrek erabaki dute gastu militarra handitzea, talde komunitarioa berrarmatzea, eta bi aldeen arteko itunak berekin ekarriko du, besteak beste, Erresuma Batuak ere berrarmatzea finantzatzen laguntzea: hango enpresek ere eskuragarri edukiko dute Bruselak armamentua erosteko hauspotutako 150.000 milioi euroko funtsa. Gainera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aterkipean, defentsa industria elkarrekin garatzekoak dira bataren eta bestearen beharrak aintzat hartuz. Defentsan lortutako akordioari buruz ere dokumentu bateratu bat argitaratu dute.
Bestalde, esparru komertzialari eta burokratikoari ere erreparatu diote. Itunaren ondorioz, malgutu egingo dituzte Erresuma Batuko ondasunei —nagusiki, nekazaritzako elikagaiei— aduanetan egindako kontrolak. Trukean, bi aldeek akordio bat egin dute EBko herrialdeetako arrantzaleek Erresuma Batuko uretan arrantzatzeko eskubideari eutsi diezaioten. Aurreko itunaren arabera, 2026ra arteko eskubidea zuten; beste hamabi urtez luzatzea erabaki dute, ordea: 2038ra arte.
Oposizioaren kritika
Bide batez, akordioak barnean biltzen du, esaterako, Erresuma Batuko gazteei errazagoa izango zaiela EBn mugitzea, eta EBko aireportuetan bertako kide diren herrialdeetako herritartasuna dutenentzako ateetatik igaro ahal izango direla Erresuma Batuko herritarrak.
Oposizioak, oro har, akordioa kritikatu du; batez ere, arrantza eremuan adostutakoagatik. Alderdi Kontserbadoreko hainbat kide sare sozialetan esaten ari dira Starmer «traizio egiten» ari zaiola brexit-ari. Eskoziako Gobernuak ere itunaren kontra egin du, Angus Robertson Atzerri ministroaren bidez.