Urte eta erdi baino gehixeagoan 56.000 palestinar hil eta gero, EB Europako Batasunak ez du onartu Israel giza eskubideak urratzen ari denik. Europar Kontseilua batzartu zen atzo Bruselan, eta «kontuan hartu» dute «balitekeela» Tel Aviv «giza eskubideak urratzen aritzea». Hala azaldu dute bilkuraren ostean kaleratutako ohar bateratuan. EBk Israelekin duen lankidetza politikorako eta ekonomikorako itunaren bigarren artikuluaren arabera, «akordioa giza eskubideen eta printzipio demokratikoen errespetuan oinarritzen da». Horregatik, lankidetza itun hori berrikusten aritu ziren atzo EBko gobernuburu eta estatuburuak; ez zuten, ordea, akordioa bertan behera uztea erabaki, eta uztailean jarraituko dute eztabaidatzen. Kontseiluaren arabera giza eskubideak urratzen «aritu daitekeen» herrialde horrek sarraskia egiten jarraitzen du Gazan, eta gutxienez beste 26 palestinar hil ditu gaur; horietatik sei laguntza humanitarioa jasotzeko gune batetik gertu, Al-Jazeera hedabideak osasun iturriak aipatuz zabaldu duenez. Israelgo zenbait militarrekHareetz Israelgo egunkariari aitortu diote agindu izan dietela laguntza banatzen duten gune horietan herritarrei tiro egiteko.
Israel giza eskubideak urratzen ari ote den aztertzeko eskatu zioten hainbat estatu kidek Kaja Kallas EBko diplomaziaburuari. Astelehenean, Kallasek txosten bat aurkeztu zien EBko Atzerri ministroei, eta, haren arabera, «zantzuak» badaude esateko balitekeela Israel giza eskubideak urratzen aritzea Gazan. Txosten hori aurkeztu eta bi egunera, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi zuen Israelek 56.000 palestinar baino gehiago direla hil dituela Gazan 2023ko urriaren 7tik.
Europar Kontseiluak ohar batean helarazitakoa baino mezu argiagoa bidali zuen kontseiluko presidente Antonio Costak atzo, bilkuraren ostean emandako prentsaurrekoan: «Egoera katastrofikoa da [Gazan], eta giza eskubideak urratzen ari dira». Costa sozialistak jakinarazi zuenez, EBko Atzerri ministroek egingo dituzte hurrengo urratsak, eta ziurtatu zuen Israelekin eztabaida «zintzo» bat izan beharrean direla, egungo «krisitik» irten ahal izateko.
Talde komunitarioko estatuburu eta gobernuburuek adostu zuten lankidetza ituna berrikusten jarraituko dutela, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuari exijitu zioten zerrendan blokeorik ez ezartzea. Atzo, hain justu, Israelgo lehen ministroak agindu zuen bi egunez Gazan laguntza humanitariorik ez banatzeko.
Zerrendan laguntza humanitarioa banatzeko Israelen baimena duen erakunde bakarrak, GHF Gaza Humanitarian Foundationek, eskerrak eman dizkio gaur Donald Trump AEBetako presidenteari, iragarri ostean Etxe Zuriak 30 milioi dolar emango dizkiola erakunde horri —25,6 milioi euro inguru—. GHFko behin-behineko zuzendari John Acreek ohar batean adierazi du espero duela beste erakunde batzuk ere laguntza banatzen hasi ahal izatea Gazan. AEBetako militar ohiek osatzen dute erakundea —talde mertzenarioen babesa ere badu—, eta, maiatzaren amaieran laguntza banatzen hasi zenetik, 549 palestinar hil dituzte giza laguntza jasotzeko guneetan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Epaiketa, aurrera
Netayahuren aurkako auzia epaitzen ari den auzitegiak uko egin dio gaur Netanyahuren deklarazioa bi astez atzeratzeari. Ustelkeria, iruzurra eta eroskeria leporatzen dizkiote Israelgo lehen ministroari; atzo, Netanyahuren abokatuak eskatu zuen deklarazioa bi astez atzeratzeko, argudiatuta lehen ministroak segurtasun nazionaleko kontuez arduratu beharra zeukala. Israelgo hedabideek jaso dutenez, baina, Israelgo Fiskaltzak gaur esan du argudio horiek ez dutela atzerapena justifikatzen; «are eta gutxiago» kontuan hartuta epaitegia udako etenaldia hastekotan dela. Hala, bere hartan eutsiko diote egutegiari, eta Netanyahuk astelehenean eta asteazkenean deklaratu beharko du.
23Kolono israeldarrek zenbat eraso egin zituzten Zisjordanian joan den astean. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak gaur kaleratu duenez, joan den astean kolono israeldarrek gutxienez 23 aldiz egin zieten eraso palestinarrei Zisjordanian. Eraso horietan, palestinar bat hil zuten, eta beste hamalau zauritu. Kalte materialak ere eragin zituzten.