EBko beste estatuetatik iritsitako etorkinak kanporatuko ditu Italiak

Langabezian dauden eta irabazirik eta etxerik ez duten immigranteei eragingo die gobernuak onartu berri duen neurriak

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ekonomia krisiak eskuin muturreko jarrerak indartu ditu Europako Batasunean, eta horrekin batera, baita gutxiengoen aurkako neurriak ere. Frantzia izan zen urratsak egiten lehena, ijito errumaniarrak kanporatuta. Alemaniak ere ez du halakorik baztertzen; Angela Merkel kantzilerrak dagoeneko iragarri du kultura anitzeko gizarteak «porrot» egin duela herrialde hartan. Italian, ordea, ez dute abisuak egiten denbora galtzen. Hark ere Parisek zabaldutako bideari ekin dio. Bera izan zen aitzindaria paperik gabeko etorkinen aurkako neurriak proposatzen, hasi kanporatzeetatik eta haiei laguntzen dietenei kartzela zigorrak ezartzeraino. Orain, ordea, urrats bat haratago joateko asmoa duela iragarri du: EBko beste herrialdeetatik Italiara irisitako etorkinak ere kanporatuko ditu, hiru hilabeteren barruan hainbat baldintza betetzen ez badituzte. Erabakiak, nola ez, polemika eragin du.

Bruselak, bere garaian, onartu zuen arau bat, zeinak EBko herritarrak behartzen zituen lana, irabaziren bat eta etxea lortzera hiru hilabeteko epean, jatorrizko herrialdea ez den beste nazio batean bizi nahi bazuten. EBk, ordea, ez zuen zigorrik ezarri neurri hori betetzen ez zuenarentzat. «Araua ez betetzea ez dago zigortua egun, eta horixe da guk egin duguna. Etorkinak joatera gonbidatuko ditugu; eta beren kabuz joaten ez badira, kanporatu egingo ditugu», ohartarazi du Roberto Maroni Italiako Barne ministroak.

Bruselaren babes bila

Ez da lehen aldia Erromak hartutako neurri batek kritikak jasotzen dituena. Aurretik ere ijitoen eta etorkinen inguruan onartutako hainbat arauk gaitzespen zaparrada eragin izan dute. Horiek hala, proposamena Legebiltzarrera bidaltzearekin batera, Bruselarekin harremanetan jarriko da Silvio Berlusconi lehen ministroaren gobernua, haren babes osoa jasotzeko asmoz. «Gobernuak immigrazioaren alorrean hartutako neurriek piztutako eztabaidaz haratago, inoiz ez dute Italia zentsuratu onartutako arauengatik». EBko herritarrak kanporatzeko proposamena «segurtasunerako neurri sorta» izenez ezaguna den egitasmoaren barruan jasotzen da. Immigrazioaren aurkako neurriez gain, baina, badira bestelakoak ere; esaterako, kaleko prostituzioaren aurkakoak eta kirolarekin lotutako indarkeriari buruzkoak.

Estrasburgo, haserre

Erromak hartu berri duen arauari Bruselak oraindik erantzun ez dion arren, ez da gauza bera gertatu Italiak 2008tik indarrean dituen ijitoen kontrako neurriekin. Europako Kontseiluko Eskubide Sozialen Batzordeak salatu du Berlusconiren gobernuak itun soziala urratu duela lege horiekin. «Italiak ez zituen babestu langile etorkinak eta haien familiak, ez zien lagundu aterpe bat bilatzen; bazterketa bultzatu zuen eta ukatu egin zizkien gizarte laguntzak», dio batzordearen txostenak. Haren arabera, ijitoen kanpalekuetako egoerak okerrera egin du nabarmen, eta haien aurkako jazarpena handitu egin da. Dokumentuan, Italiako agintarien adierazpenak ere jasotzen dira, , zeinak jazarpena bultzatzen duten: «Estatuak bere lana egiten ez badu, herriak egin beharko du», «beharrezkoa da ijito guztiak kanporatzea».

Eskubide Sozialen Batzordearen gaitzespena Kaleratzeen Aurkako eta Etxebizitza Eskubidearen Aldeko Zentroak aurkeztutako salaketaren ondotik etorri da. Hark iaz aurkeztu zuen salaketa Italiaren aurka, haren «diskurtso arrazista eta xenofoboarengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.