EBko funtzionarioek salatu dute erakundea «geldirik» dagoela, Israelen kontrako neurririk hartu gabe

Israelekin «partzialki» jokatzea egotzi diote funtzionarioek talde komunitarioari. Haien arabera, Palestinako gatazka geratzeko «ekintza nabarmen gutxi» egin ditu EBk.

Mutiko palestinar bat Israelek bonbardatutako babesleku gisa erabiltzen duten eskola batean, Gaza hirian, gaur. MOHAMMED SABER/EFE
Mutiko palestinar bat Israelek bonbardatutako babesleku gisa erabiltzen duten eskola batean, Gaza hirian, gaur. MOHAMMED SABER/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko maiatzaren 26a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken egunotan Gazako setioa bertan behera uzteko exijitu dio Mendebaldeak Israeli, eta halakorik egin ezean «neurriak» hartuko dituzten mehatxua ere egin diote, esate baterako, Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak. EB Europako Batasunak ere bai: joan den astean, talde komunitarioko Atzerri ministroen gehiengo batek —27tik hamazazpik— eskatu zuten EBk Israelekin duen lankidetza politikorako eta ekonomikorako ituna berrikusteko, aztertu dezaten ea Israelek akordio horretako bigarren artikulua, giza eskubideei buruzkoa, betetzen duenetz. Hori egiteko eskaera, ordea, EBko funtzionario talde batek egin zuen duela urtebete: «Luzaroan itxaron dugun erabakia beranduegi iritsi da Gazan hildako milaka lagunentzat».

Horixe salatu du EU Staff for Peacek, bakearen aldeko EBko langileen taldeak, gutun bidez, zeina talde komunitarioko zenbait erakundetako 2.000 langile eta langile ohik ere sinatu duten. Gutuna idatzi dutenetako batek adierazi du lankidetza ituna orain berrikustea erabaki izanak «kezka handiak» sortu dituela EBren erantzunaren «egokitasunari eta uneari» buruz. 

Talde horrek iazko maiatzean helarazi zien lehenbiziko gutuna Europako Batzordeko, Europako Parlamentuko eta Europar Kontseiluko buruei, eta, lankidetza ituna berrikusteaz gain, eskatu zien Gazarako su eten iraunkorra eta gatibuak askatzea galdegiteko, gatazkako «alde guztiek» egindako krimenak eta giza eskubideen urraketak salatzeko eta EBko estatuek Israeli armak saltzea eragozteko.

Urtebete igaro da eskari hori egin zutenetik, eta taldeak, kaleratu berri duen gutunean, gaitzetsi du Palestinako gatazkaren gaineko «kezka adieraztera mugatu» dela EBko instituzioen erantzuna: «Ekintza nabarmen gutxi edo ia bat ere ez dute egin». Izan ere, EU Staff for Peaceren arabera, EBk ez du jakin bere «eragin politikoa, diplomatikoa eta ekonomikoa» mahai gainean jartzen, Gazako egoera hobetze aldera; «geldi» egoteak eta «arduragabekeriak» berekin ekarri du zerrendako erasoaldiek are okerrera egitea.

Gutunean, taldeak behin baino gehiagotan gogoratu ditu EBko erakundeak sortzeko hitzarmenetako «balioak eta printzipioak» —bakea eta segurtasunaren alde aritzea, giza eskubideen babesa eta nazioarteko zuzenbideari erreparatzea, besteak beste—. Horiek aintzat hartuz jokatzeko deia egin du taldeak, EBk «partzialki» jokatzen duelakoan.

EU Staff for Peacek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren adibidea jarri du: Hagak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua eman zuen iazko azaroan, gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzita. Atxilotze agindua gorabehera, Netanyahu Hungarian egon zen joan den apirilean —gainera, Hungariako Parlamentuak auzitegi horren jurisdikziopetik ateratzeko prozesua abiatu zuen joan den astean; urtebete iraungo du prozesuak—. Europako Batasuneko beste hainbat herrialdek ere esan zuten uko egingo ziotela atxilotze agindua betetzeari. Bada, EBko langile publikoen taldeak Kaja Kallas klubeko diplomaziaburuari egotzi dio herrialdeen jarrera «gaitzetsi» ez izana: «Ez entzunarena egin zuen».

Laguntza humanitarioa, aurrera

Joan den martxoaren 2an Israelek blokeoa ezarri aurretik, NBE Nazio Batuen erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeek banatzen zuten laguntza humanitarioa Gazako zerrendan. Duela astebete baimena eman zuen Tel Avivek laguntza berriz zerrendan sartzeko, baina oraingoan, Gaza Humanitarian Foundationek (Gazako Fundazio Humanitarioa) ordezkatu ditu NBE eta gainontzeko erakundeak. Israelen eta AEB Ameriketako Estatu Batuen babesa du, eta AEBetako militar ohiek eta segurtasun enpresa pribatuek osatzen dute.

Hain zuzen, Gaza Humanitarian Foundationeko zuzendari Jake Woodek dimisioa eman zuen atzo, argudiatuta erakundeak ezin duela aldi berean laguntza humanitarioa banatu eta «printzipio humanitarioak, neutraltasuna eta independentzia» errespetatu. Dei egin zuen zerrendarako laguntza zabaltzeko eta hura banatzeko bide berriak aurkitzeko: «Atzerapenik ez, diskriminaziorik ez».

Gazako Gobernuaren ustez, «janaria arma gisa» erabili nahi du fundazio horrek, eta palestinarrak desplazatzea du asmoa: «Xantaia egin nahi die». Izan ere, laguntza humanitarioa banatzeko planak aurreikusten du gaztarrak hainbat gunetan biltzea. Zerrendako agintariek salatu dute «okupazio politiken» ondorio dela plan hori, eta biztanleria «birbanatzea» eragingo duela. Bestalde, NBEk ohartarazi du horrek arriskuan jarriko dituela gazatarrak, eta uko egin dio fundazio horrekin lan egiteari.

Dena den, fundazioa prest dago laguntza humanitarioa banatzen jarraitzeko: aste amaierarako milioi bat palestinarri banatu nahi die laguntza —Gazako biztanleen erdiak—, eta hurrengo asteetan banaketa «azkartu» nahi du, laguntza humanitarioa gazatar «guztiei» heltzeko.

Israelek ez du Gazaren kontrako erasoaldia eten, eta gutxienez 50 hildako eragin ditu gaur. Babesleku gisa erabiltzen duten eskola bat bonbardatu du armadak, Gaza hirian, eta 36 lagun hil dira; horien erdiak haurrak ziren. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7tik ia 54.000 lagun hil ditu Israelek zerrendan.

AEb-ek UKATU egin dute hamasek menia proposamena onartu dueLA

Gaur arratsaldean nazioarteko hedabide batzuek kaleratu dute Hamasek ontzat jo duela AEBek Gazarako proposatutako menia akordioa —erakunde islamistaren hurbileko iturriak aipatu dituzte—. Azaldu dutenez, AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek eta Palestinako erakundeko ordezkariek akordioa erdietsi dute. Geroago, ordea, nazioarteko hedabide horiek berria ezeztatu dute, Etxe Zuriko iturriak aipatuz: AEBen arabera, Hamasek ez du onartu mahai gainean jarritako proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.