ukraina

EBrekin elkartzeko akordioa egiteko aukerak zabalik jarraitzen du Ukrainan

Catherine Ashton goi mandatariak Kievekin duten akordioa "ona" dela azaldu du, eta espero du herrialdeko krisiak ez eragitea Europak Errusiarekin dituen harremanetan. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin bilera egingo dute goi mandatariak eta Europako Atzerri ministroek, Bruselan.

2013ko abenduaren 16a
13:13
Entzun

Europarekin elkartzeko akordioa lortzeko "ateak zabalik" jarraitzen du, Ashtonen arabera. Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak "oraindik" akordioa sinatu nahi duela esan dio Ashtoni. Ukrainarekin harremanak etenda zeudela jakinarazi zuen atzo Stefan Fulek, Europan herrialdeak sartzeko batzordeaz arduratzen den komisarioak. "Etorkizuneko eztabaia Ukrainako Gobernuak har dezakeen konpromisoaren araberakoa izango da, baina gobernuaren jarrera esaten duenetik gero eta urrunago dago".

Bruselarekin dituen negoziazioak garrantzitsuak dira Janukovitxentzat, kalera atera diren milaka lagun konbentzitzeko, akordio hori bertan behera uztea izan baitzen, berez, oposizioa gobernuaren aurka mobilizatzeko arrazoia. Atzo ere milaka lagun atera ziren kalera, 400.000 pertsona inguru antolatzaileen arabera, eta 2004ko Iraultza Laranjatik izandako protestarik jendetsuenak izaten ari dira egunotakoak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Janukovitxek "parte hartze estrategikoarentzat" akordio bat sinatuko dute bihar, besteak beste, mugak batzea jasotzen duena. Horregatik protestatzeko beste manifestazio bat iragarri dute biharko.

Hain zuzen, Lavrovekin egingo du bilera Ashtonek bezperan, EBko gainerako atzerri ministroekin batera, Ukrainan gertatzen ari denaz hitz egiteko. Ashton oposizioko ordezkariekin izan berri da, eta Putinen goberenuaren kritikak jaso ditu horregatik. Goi mandatariak espero du "ez eragitea" Europak Moskurekin dituen harremanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.