EB Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak talde komunitarioaren eta Marokoren arteko arrantza eta nekazaritza akordioak baliogabetzea erabaki du, bi aldeek Mendebaldeko Saharako herritarren onespenik gabe onartu zituztelako itun horiek. Fronte Polisarioak aurkezturiko helegiteei emandako erantzuna da, erakundeak argudiatu baitzuen adostasun horiek Mendebaldeko Sahararen oniritzirik gabe onartu zituztela, aurrez Luxenburgoko auzitegiak ebatzi zuen arren ezin zutela halakorik egin.
Erabaki judiziala kolpe gogorra da Marokorentzat, akordio horien bidez Mendebaldeko Saharan lukeen «subiranotasuna» inposatu nahi baitu. Auzitegiak argudiatu du eremu hori deskolonizazio prozesu baten zain dagoela, eta, hortaz, itunek ez dutela baliorik, akordioek Mendebaldeko Saharako produktuak eta baliabideak ere hartzen dituztelako kontuan; era berean, EBko Auzitegi Orokorrak onartu egin du Fronte Polisarioa dela sahararren ordezkaria talde komunitarioko auzitegietan.
Hori bai, akordioek behin-behinean jarraituko dute indarrean —auzitegiak zehaztu ez duen epean—, EBren «atzerriko jarduna mantentze» aldera eta «nazioarteko konpromisoen segurtasun juridikoa» bermatzeko, Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak sententzian azaldu duenez: «Orain bertan behera utziz gero, ondorio larriak izango lituzke. Sekulako garaipena da guretzat».
Fronte Polisarioak Efe berri agentziari adierazi dionez, behin-behineko epe hori bi hilabetekoa izango da, eta, beraz, «leiho bat izango da [Europako] Batzordearentzat eta [Europar] Kontseiluarentzat itunetik ateratzeko». Naser Burita Marokoko Atzerri ministroak eta Josep Borrell talde komunitarioko diplomaziaburuak, berriz, komunikatu bateratu bat helarazi dute, eta adierazi «beharrezko neurriak» hartuko dituztela bi aldeen arteko harreman komertzialak «bermatzeko»; Bruselak zein Rabatek, biek ala biek izango dute helegitea aurkezteko aukera epe horretan.
EBk eta Marokok arrantza akordio bat sinatu zuten 2006an, eta, horren bidez, Espainiako barkuek —eta beste estatu kideetakoek— Marokoko eta Mendebaldeko Saharako ur eremuetan sartzeko baimena eskuratu zuten. Gerora, 2012an, bi aldeek nekazaritza ituna adostu zuten, eta horren bidez, Rabatek sahararren produktuak saltzeko baimena izan zuen.
Hiru urte geroago, ordea, Europako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi zuen nekazaritza akordioa, argudiatuta Europar Kontseiluak ez zuela kontuan hartu nazioarteko erakundeek ez dutela aitortzen Marokoren Mendebaldeko Sahararekiko subiranotasuna; aldiz, 2016an, Luxenburgoko auzitegiak atzera egin zuen, eta itunaren aplikazioa baimendu. Hori bai, Rabaten subiranotasuna onartu gabe.
Arrantza akordioaren kasuan, Western Sahara Campaign gobernuez kanpoko erakundearen salaketen harira, Europako Justizia Auzitegiak 2018an ebatzi zuen akordio hori ezin zela Mendebaldeko Saharan aplikatu, «nazioarteko zuzenbideko arau jakin batzuk hausten» zituelako; batez ere, «determinazio askerako printzipioa».
Hori ikusirik, Bruselak erabaki zuen arrantza ituna berriz egitea, eta Europako Batzordeak beste akordio bat proposatu zuen 2018ko urrian, argudiatuta Marokoren menpeko «aktore batzuekin eta besteekin» hitz egingo zuela horretaz, Luxenburgoko auzitegiaren erabakia betetzeko.
Fronte Polisarioa, negoziazioetatik kanpo
Fronte Polisarioak, ordea, ez zuen parte hartu elkarrizketa horietan, argudiatuta Rabatek ez zuela «autoritaterik» EBrekin negoziatzeko Mendebaldeko Saharako urez.
Hala, talde komunitarioko estatu kideen eta Europako Parlamentuaren babesarekin, bi aldeek arrantza akordio berria onartu zuten 2019ko martxoan; besteak beste, eurodiputatuek eta gobernuburu eta estatuburuek ontzat jo zituzten Europako Batzordeak Mendebaldeko Saharako herritarrekin egindako «kontsultak».
Fronte Polisarioak kontrakoa argudiatu zuen, EBk ez ziola utzi Mendebaldeko Saharako herria ordezkatzeko bere «eskumena erabiltzen», eta Europako Batzordeak azkenean horixe bera aitortu zuen iragan martxoan; azken horrek azaldu zuenez, ondorioztatu zuen sahararrak «itunaren alde egingo luketela, ez baita auzi politiko bat, garapen ekonomiko eta sozial bati buruzkoa baizik».
Luxenburgoko auzitegiaren erabakiak ondorio politiko eta ekonomikoak izango ditu, EB baita Marokoren lehen bazkide komertziala, eta Rabat baita talde komunitarioaren lehena ere bere hegoaldeko estatuen artean.
Esaterako, arrantza akordioak aurreikusten dituen arrantzen %90 Mendebaldeko Saharako uren inguruan egiten dira; horietan sartzeko, Bruselak urtean 52 milioi euro ordaintzen dizkio Rabati.