Zipreko Unibertsitateko Politika Zientzia irakaslea da Melakopides. Zipreren gatazkan eta EBren hedapenean aditua da. Mediterraneo, Europa eta Nazioarteko Ikasketetarako Zipreko Institutuko sortzaile eta presidentea da. Ankarak komunitate turkiarra estutu beharko du, bere ustez, uharteko gatazka konpontzeko.
Igandean Zipreko alde turkiarrean egingo diren hauteskundeek eragina izango al dute bake negoziazioetan?
Beno, lehenik eta behin argi eduki behar da iparraldeak Turkiak okupatutakoa dela eta Errepublika Turkiarra nazioartean baztertua dagoela. Bozetan edozer gertatuta ere, bake negoziazioak berriz hasiko dira, nazioarteko presioaren eraginez. AEBek, Europako Batasunak eta Zipreko Gobernuak bultzatuko dituzte elkarrizketak. Aurreikuspenen arabera, Denktashen oposizioak irabaziko du, baina ez dago argi. Hala ere, nahiz Denktashek irabazi, negoziatzera behartuta egongo da. Izan ere, maiatzaren 1etik aurrera Zipre EBn egongo da, eta EBrentzat eskandaluzkoa izango da okupazioa. EBk Turkiari gogor egingo dio eta Ankarak behartuko du Denktash negoziatzera. Kontua izango da noraino estutuko duen Ankarak. Gatazka konpontzen ez bada, Turkiak EBn sartzeko aukera gal dezake. Izan ere, EBk datorren urteko abenduan jakinaraziko du, beranduenez, Ankara hartzeko prest dagoen.
Denktashek irabaztea negoziazioetarako oztopoa izango litzateke?
Ez daukat zalantzarik. Denktashek ez du Annanen plana negoziatu nahi; oposizioak bai, berriz, oso pozik hartzen duela esan du. Denktashen erregimena arazoak sortzen aritu da eta jarraituko du. Ankarak konponbidea bilatzera behartu beharko du. Alabaina, nik uste konponbidea atzeratu egingo duela bere interesen arabera, EBn leku bat lortzeko.
Oraindik posible al da uharte osoa sartzea EBn?
Bai, legez Zipre osoak sinatu du EBrekin bat egiteko ituna.
Iparraldeko eta hegoaldeko gobernuek hainbat urrats egin dituzte gatazka apaltzeko. Zer deritzozu?
Aurrerapauso horiek oso ongi hartuak izan dira Zipren. Dena den, Denktashek Lerro Berdea ireki zuen Papadopoulos Zipreko Errepublikako presidente berri aukeratu eta aste batera. Taktika bat izan zen, bere komunitatearen barne tentsio handiari aurre egiteko. Izan ere, oso manifestazio jendetsuak egin dituzte uhartea batu eta EBn sartzearen alde. Denktashek zioen herritarrek muga zeharkatuz gero liskarrak sortuko zirela, baina ez da horrela izan.
Zein erronka izango ditu Ziprek EBn?
Bere burua egitura ekonomiko eta politiko handi batera egokitzea izango da erronka. Zipre greziarra egoera ekonomiko onean dago, baina haren BPGaren laurdena du, aldiz, alde turkiarrak. Hala ere, uhartea leku estrategikoan kokatuta dago, Ekialde Hurbiletik oso gertu eta oso harreman ona du harekin. Horrek EBren eta Ekialde Hurbilaren arteko diplomazia eta komunikaziorako oso leku onean jartzen du.
Nola konpon daiteke ipar eta hegoaren artean ekonomiaren alorrean dagoen aldea?
Europako Batasunean sartzeak konponduko du hori. Zipreren garapena bultzatuko du eta Europako Batasunaren diru laguntzei esker konponduko da bi komunitateen arteko aldea.
«EBrentzat eskandaluzkoa izango da Zipreren okupazioa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu