Ecowasek Nigerren sartzeko prest jarri ditu esku-hartze indarrak

Blokeak berretsi du ez dutela «aukera bat bera ere baztertzen» herrialde hartan «ordena konstituzionala berrezartzeko». Nigerko junta militarrak «trantsizio gobernu bat» eratu du

Nigeriako presidente eta Ecowaseko txandakako buru Bola Tinubu (erdian), Nigerren esku hartze militar bat egiteko aukera aztertzeko Ecowasen atzoko bileran, Abujan. STR / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Nigerko estatu kolpearen ondotik, esku hartze militar bat aztertzeko bilkura egin zuen atzo Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak, Abujan. Nigeriako presidente eta blokeko txandakako buruzagi Bola Tinubuk diplomaziaren aldeko mezua zabaldu zuen goi bilera hasi aurretik. «Negoziazio diplomatikoak eta elkarrizketa lehenesten ditugu gure posizioaren oinarri gisa». Baina, bilkuraren ostean, esku hartzeko aukera haizatu zuen blokeak berriz. Ecowasek ez du «aukera bat bera ere baztertzen» Nigerren «ordena konstituzionala berrezartzeko», eta jakinarazi zuen esku-hartze indarrak aktibatu zituela, prest egon daitezen.

Tinubuk ez zuen beste xehetasunik eman blokeak erabaki duenari buruz, eta ez dago argi adierazitakoak zer mugimendu militar ekarriko dituen. Zenbait iturriren arabera, Nigeria eta beste zenbait herrialde hasiak dira tropak Nigerko mugara mugitzen. Tinubuk nabarmendu zuen Nigerren uztailaren 26an gertatu zen estatu kolpea «mehatxua» dela «Afrika Mendebalde osoarentzat». 2020. urtetik eskualde hartan kolpe militar bat jasan duen laugarren estatua da Niger —Maliren, Ginearen eta Burkina Fasoren ondotik—.

Aurreko astean, Ecowasek militar kolpistei exijitu zien askatzeko kanporatu zuten presidentea, Mohamed Bazoum. Joan den igandera arteko epemuga ezarri zien. Nigerko kolpistek, baina, entzungor egin diete Ecowasen ohartarazpenei, eta ez dute boterea uzteko keinurik egin; kontrakoa baizik. Blokeko goi bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, behin-behineko gobernu bat osatu dute, «trantsiziorako». 21 kidek osatuko dute, eta Bazoumekin Ekonomia ministro izandako Ali Lamine Zeine ezarri dute gobernuburu; hark jarraituko du ekonomia eta finantza ministerioen arduradun gisa ere.

Nigeria da blokean armada handiena duen kidea, baina, joan den astean, presidenteak esku hartze militar baterako baimena eskatu zionean Senatuari, hark ezezkoa eman zion, eta bestelako bideak topatzeko eskatu. Alde horretatik, Ecowas ahalegindu da azken asteetan junta militarrarekin biltzen, baina hark uko egin dio elkarrizketak hasteari, «segurtasunik eza» argudiatuta. Azken orduetan, ordea, elkarrizketarako bide bat irekita egon da, Nigeriako Banku Zentraleko gobernadore Sanusi Lamido Sanusik adierazi duenez. Nigerian, zenbait kazetariri jakinarazi die Nigerko juntako buruzagiekin bildu zela asteazkenean, eta mezu bat duela Nigeriako presidentearentzat.

Zenbait iturriren arabera, Nigerko juntak Ecowasi eskatu dio arindu ditzala herrialdeari ezarritako zigorrak. Baina blokeak hori onartuko balu, militarren agintea aitortuko luke, eta horrek ahuldu egingo luke koalizioaren irudia. Bestalde, gerrara jotzea ere ez da erraza izango, kontuan izanik Malik eta Burkina Fasok esan dutela Nigerren alde jarriko direla—bietan daude junta militarrak agintean—. Horri gehitu beharko litzaioke Ecowaseko estatuek eurek finantzatu beharko luketela esku hartzea.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres kezkatuta agertu da Bazoum presidente kargugabetuaren eta haren familiaren osasun egoeraren inguruan. Izan ere, Demokrazia eta Sozialismorako Alderdiko iturrien arabera, argindarrik, edateko urik eta ia jatekorik gabe daude. «Idazkari nagusiak beste behin aldarrikatzen du hura [Bazoum] berehala eta baldintzarik gabe askatzeko, eta estatuburu karguan berrezartzeko», jakinarazi zuen atzo NBEko bozeramaile batek.

Aire eremua, itxita

Ecowasek junta militarrari atzera egiteko jarritako epemuga amaitu zen egunean bertan, joan den igandean, herrialdeko aire eremua itxi zuen Nigerko juntak; baita ohartarazi ere «erantzun indartsua eta berehalakoa» izango duela neurria urratzen duen edonork.

Frantziarekiko harremanak ere eten dituzte militarrek, eta Parisek zigor ekonomikoak ezarri dizkio herrialdeari. Herenegun, aire eremuan sartzeko debekua urratu eta «hainbat terrorista» askatu izana leporatu zion juntak Frantziako armadari. Parisen esanetan, ordea, «aurrez hitzartuta» zegoen hegaldia, eta ez zuten «inongo terroristarik» askatu.

Estatu kolpeko buruzagiek argudiatu dute herrialdeko «segurtasun krisia amaitzeko» desegin zutela gobernua, ez zuelako «luzera begirako irtenbiderik aurkezten». Hala azaldu zuen abuztu hasieran Abdourahamane Tchianik, Segurtasun Nazionaleko buru zenak eta orain estatuburu kargua hartu duenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.