Egiptok Al-Assaden kontra egin du Siriaren aliatu nagusiaren etxean

Al-Assaden agintea «zapaltzailea» dela esan du Mursik Teherango goi bileran, eta Siriako ordezkariek alde egin dute aretotikGaur amaituko da Lerrokatu Gabeko Herrialdeen goi bilera Irango hiriburuan

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Ikusmin handia zegoen Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak Iranen egin beharreko agerraldiaren inguruan, eta ez du inor epel laga. Orain arteko isiltasuna apurtuz, argi egin du berba Ekialde Hurbileko gai zailenei buruz: Siriako gatazkari buruz, batez ere. Teheranek antolatu du NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren hamaseigarren goi bilera —atzo hasi eta gaur amaitu da—, eta, hain zuzen ere, Siriaren aliatu nagusiaren etxean —Mahmud Ahmadinejad Irango presidentearen ondoan— esan du Baxar al-Assaden agintea «zapaltzailea» dela eta «zilegitasun guztia» galdu duela. Mursi berbetan hasi bezain laster aretotik alde egin du Siriako lehen ministro Wael Nader al-Halqik,NAMeko kidea baita Damasko ere.

1979az geroztik harreman diplomatiko guztiak etenda eduki dituzte Kairok eta Teheranek, eta 33 urtean Iran bisitatu duen Egiptoko lehen presidentea izan da Mursi. Haren presentzia hutsa, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiarenarekin batera, garaipen diplomatikotzat jo du Ahmadinejaden gobernuak, eta azpimarratu du programa nuklearragatik Mendebaldeak jarritako zigorrek ez dutela bakartu nazioartetik. NAMeko hiru urteko txandakako presidentetza pasatu dio Egiptok Irani atzo hasitako goi bileran—Venezuelak hartuko du ardurahori hiru urte barru—. Egiptoko iraultza eredutzat jarri du Mursik, eta Siriaren kasuan ere herritarren borroka defendatzeko «beharrizan etikoa» duela nabarmendu du. «Gu guztion erantzukizuna da Siriako odol isuria, eta jakin behar dugu isuria ez dela geldituko gure esku hartze eraginkor barik».

Bakea lortzeko gerra herrialde osora hedatzea saihestu behar dela uste du Egiptoko presidenteak, eta batasuna eskatu dio oposizioari, gatazkari aterabide baketsua bilatzeko. Proposamen zehatz bat ere aurkeztu du Mursik, hilaren erdialdera OIC Kooperazio Islamikoaren Erakundearen ohiz kanpoko bileran aurkeztutako berbera. Ekialde Hurbileko lau potentzia musulmanekin «harreman talde bat» osatu nahi du Kairoko agintariak. Egiptok, Iranek, Saudi Arabiak eta Turkiak eratuko lukete taldea. Bake konferentzia bat egitea litzateke asmoa, bertan hiru hilabeteko su-etena adosteko Siriako gatazkaren bi aldeekin. Denbora horretan, elkarrizketa politikorako zubiak eraikitzen hasiko lirateke lau herrialdeetako mandatari bereziak Damaskon.

Esku hartze militar eske

Erasokorrago egin du berba Arabiar Ligak sortutako Arabiar Parlamentuko presidente Ali al-Daqbasik. «Larrialdiko esku hartze militarra» eskatu zuen atzo Kairon, herritarrak «krimenetatik eta exekuzio publikoetatik» babesteko. NBEri eta NAMeko kideei ere eskari bat egin die: Siriako errefuxiatuei laguntza humanitarioa bidaltzeko pasabide seguruak sortzeko eta aire eremua debekatzeko. «Nazioartearen isiltasuna» gaitzetsi egin du Al-Daqbasik. Alabaina, Siria Arabiar Parlamentuko kidea da gaur egun, eta legebiltzarraren egoitza Damaskon ari dira eraikitzen. Bestalde, Parlamentu Arteko Batasunak iragarri du Siria erakundetik kanporatzea aztertzen ari dela. Munduko 162 parlamentu hartzen ditu erakunde horrek.

Erresuma Batuak etaFrantziak, berriz, nabarmendu dute «aukera bakar bat ere» ez dutela baztertzen Siriako gatazka gerarazteko. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren atzoko bileran egin zituzten adierazpenok bi herrialdeetako Atzerri ministroek. Etorkizuneko aukeren artean herrialdeko mugen barruan «babes eremuak» sortzea dagoela azaldu dute. Bestalde, Siriara laguntza humanitarioa bidaltzeko diru laguntza gehiago onartuko dituztela ere aurreratu dute Parisek eta Londresek. «Al-Assadtarren krimenak» Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko eskatu dute biek, eta «ahal bezain laster» desertatzeko eskatu diete Siriako armadako ofizialei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.