Egiptok Anaia Musulmanen 25 kide kartzelaratu ditu

Erredakzioa
2008ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Kairoko auzitegi militarrak Anaia Musulmanak oposizioko taldeko 25 kideri hiru eta hamar urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zien atzo. Debekatuta dagoen talde bateko kide izatea egozten die eta dirua zuritzea.

Egiptoko segurtasun indarrek jakinarazi dutenez, Jairal al Txater taldeko idazkariordeari eta Hasan Malek zuzendaritzako kideari zazpi urteko kartzela zigorra ezarri diete. Bost kidek bosna urte egin beharko dituzte preso, eta hiruk hamahiruna urte. Beste bost Egiptotik kanpo daude, baina auzipetu egin dituzte. Horiek hamarna urte bete beharko dituzte, epaileak hala erabakita. Auzitegi militarrak, gainera, kondenatu guztien ondasunak bahitzeko agindu du. Kartzelaratutako 25 Anaia Musulmanekin batera, beste hamabost kide ere epaitu dituzte Kairon. Hamabost horiek errugabetu egin dituzte, baina urtebete egin dute kartzelan epaiketa bitartean. Epaiari ezin diote helegiterik jarri.

Anaia Musulmanen zuzendaritzak dioenez, prozesuak zein sententziak helburu politikoak dituzte. Anaia Musulmanei politikan aritzea eragoztea da Gobernuaren helburua, taldearen ustez.

Atzo, epaiketa egiten ari ziren bitartean, ez kazetariek, ezta senideek ere ezin izan zuten auzitegira hurbildu. Auzitegiaren inguruan, autoak aparkatzea debekatu zuen Poliziak, gainera. Dena den, auzitegitik gertu protesta egitea lortu zuten 50 bat senide eta ekintzailek. Horiekin batera zenbait kazetari lanean zeuden. Hamabost ekintzaile eta hiru kazetari atxilotu zituzten, protesta egiten ari zirenen aurka egin ostean. Ordubete geroago kazetariak aske utzi zituzten, grabatutako material guztia bahitu ostean.



AZKEN URTEETAKO NEURRI GOGORRENA. Zigortutako Anaia Musulmanak 2006ko abenduan atxilotu zituzten. Al Azhar unibertsitate islamikoan ikasten ari ziren, eta arte martzialen ekitaldi bat egin ostean atxiki zituzten. Horrelako ekintzekin dirua lortzen zutela argudiatu zuen Gobernuak, eta diru horrekin armak erosten zituztela. Estatu kolpea emateko asmoa ikusi zuen ekitaldi horren atzean.

Azken urteetako neurririk gogorrera da azken hori. Anaia Musulmanen aurkako operaziorik handiena, aurretik, 1995. urtean egin zuen Egiptoko Gobernuak. Taldeko kide gehienak atxilotu egin zituzten, eta debekatutako elkarte baten kide izatea leporatu zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.