Egiptoko Auzitegi Gorenak Hosni Mubarak presidente ohiaren alderdia desegiteko agindu du gaur. Alderdi Nazional Demokratikoa 1977. urtean sortu zuen orduan Egiptoko presidente zen Anuar al Sadatek, 1953tik alderdiak sortzeko herrialdean indarrean zegoen debekua berak bertan behera utzi ostean.
BBC telebista kateak jakinarazi duenez, orain alderdiaren ondasun guztiak Estatuaren esku geratuko dira. Auzipetuta ez dauden Alderdi Nazional Demokratikoko kideek alderdi berri bat sortuko dute.
1977tik Alderdi Nazional Demokratikoa eta Estatua nahastu egin dira 34 urte hauetan, eta ustelkeria salaketak izan ditu alderdiak. Pasa den azaro eta abenduko hauteskundeetan legebiltzarreko eserlekuen %80 eskuratu zituen. Horren ondorioz, herri sostengurik duen alderdirik gabe geratu da Egipto. Junta Militarrak martxoaren 28an alderdien lege berria onartu zuen.