Egipton hainbat bonba zartarazi eta gutxienez 30 pertsona hil eta beste 130 zauritu ziren herenegun gauean. Israelgo mugaren ondoan dagoen Taba hirian izan zen eraso handiena. Hilton hotelaren aurrean bonba-auto bat leherrarazi eta hamar pisuko eraikinaren zati bat behera erori zen. Hainbat informazio iturriren arabera, ekintzaile suizida batek beste bonba bat leherrarazi zuen une horretan hotel barruan eta kanpoaldean bigarren auto-bonba bat zartarazi zuten. Egiptoko Turismo ministro Ahmed Al Magrabik jakinarazi zuenez, «hogeita hamar pertsona baino gehiago» hil ziren erasoetan. Hildako gehienak, hogeita zortzi gutxienez, oporretan zeuden israeldarrak ziren eta tartean bost egiptoar eta errusiar bat zeuden hotelean hainbat britainiar zegoen ere.
Beste hogeita hemezortzi pertsona, berriz, desagertuta daude eta eraikinaren hondakinen artean egon daitezkeela uste da. Israelgo Armadako Jid Daron komandanteak «datozen egunotan» bizirik dauden pertsonak aurkitzea espero dutela esan zuen atzo: «Harrapatuta dauden tokian oxigenoa baldin badago hainbat egunez iraun dezakete bizirik». Salbamendu taldeetako buru Txamun Romatxen arabera, berriz, bizirik dauden pertsonak aurkitzeko aukera «oso txikia» da: «Itxaropen gutxi dago; leherketa handia izan da oso».Aurreneko bonba zartatu eta hamabost minutura beste bi lehergailu zartarazi zituzten Taba hegoaldean dagoen Nueiba hiriko bi kanpinetan. Al Jazeera telebistaren arabera, gutxienez bi israeldar hil eta beste 43 pertsona zauritu ziren bi erasoetan. Bi kanpinetan kiskalita zeuden kamioneta bana aurkitu zituztela jakinarazi zuen Sinai hegoaldeko gobernadore Mostafa Afifik.
Israeldarrak Sukkot jaia ospatzen ari ziren bertan, hain zuzen ere, hebraitarrak lur agindura itzultzeko egindako exodoa ospatzen duen jaia. Iturri ofizialen arabera, egunotan 15.000 israeldar zeuden Sinai bailaran oporretan Sinai eskualdetik pasatu ziren hebraitarrak. Israelgo Eilat hiria Taba ondoan dago eta israeldar ugari sarritan joaten dira bertara gauzak askoz ere merkeagoak direlako. «Kasinoan nengoen leherketa izan zen mementoan. Zarata ikaragarria izan zen eta horma erortzen hasi zen une horretan», adierazi zuen Igal Vakni israeldarrak.Israelgo Gobernuak bertara ez joateko eskatu zien israeldarrei iragan irailean atentatuen mehatxua handia zela ohartaraziz.«Denek mehatxuren berri zuten eta, hala ere, joan ziren», esan zuen Israelgo Atzerri ministro Silvam Shalomek.
Egipto iparraldean dagoen Sinai eskualdean izan ziren hiru erasoak, hain zuzen ere, Israelen lurraldearen baitan egon zen bailaran Hilton hotela garaia horretan eraiki zuten. Israelek 1948. urtean okupatu zuen Sinai eta 1979.ean itzuli zion Egiptori, bake hitzarmena sinatzerakoan, alegia. Egiptok larrialdi egoera ezarri eta segurtasun neurriak areagotu zituen erasoen ondoren, bereziki aireportuan. Al Uatan egunkari arabiarraren arabera, hamar pertsona atxilotu zituzten atzo.Israelek Al Kaedari leporatu zien atentatuen erantzukizuna. Silvan Shalomek nazioarteko erakundeak «herrialde guztiak» mehatxatzen dituela adierazi zuen «arabiarrak» barne: «Israelekin eta mendebaldeko gizartearekin harreman oso estua dugula pentsatzen dute terroristek». Shaul Mofaz Defentsa ministroak «atentatu ikaragarria» izan zela adierazi zuen: «Xede bakarra ahalik eta israeldar gehien hiltzea zen». Ariel Sharon lehen ministroak premiazko bilera egin zuen gobernukideekin eta bihar beste bilera bat egingo dutela jakinarazi zuen zer nolako neurriak hartu behar diren aztertzeko.
Kairo eta Israel elkarlanean
Egiptoko presidente Hosni Mubarak eta Ariel Sharon lehen ministroak «terrorismoari aurre egiteko» elkarlanean aritzeko konpromisoa agertu zuten: «Ez dago alderik terrorismo ezberdinen artean eta, hartara, gure ahaleginak batu behar ditugu munduaren arrisku nagusiari aurre egin ahal izateko». Egiptoko Gobernuko eledun Magdi Radiren arabera, berriz, erasoak Gazan gertatzen ari denarekin zerikusia izan zuten: «Ez dut uste kasualitatez izan direnik».
Lau erakunde islamikok bere gain hartu zituzten atzo erasoen erantzukizuna. Al Kaedari ustez lotuta dagoen Abdala Al Azzam Martiriaren Brigadek bere gain hartu zuten erasoa webgune batean: «Gure semeek judutarren zitalkeriaz kutsatuta dagoen lurra garbitu dute». Jemma Al Islamia Al Alamia erakundeko kide batek France Presse agentziari egindako deian egin zuen aldarrikapena. Batasun Islamikoaren Brigadek, berriz,webgune batera helarazitako oharrean: «Gure lau martiriek bizia galdu dute operazio heroiko honetan». Al Tauhid Islamikoen Brigadek interneten bidez hartu zituzten bere gain erasoak.
ATENTATUAK EGIPTON
Egipton 30 lagun hil dira turismo guneen aurkako hiru erasotan
Al Kaeda erakundeari leporatu dizkio erasoak Israelek; lau talde islamikok bere gain hartu dituzte ekintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu