Oro har «egonkortu» egin da Frantzia hego-mendebaldeko Gironda departamentuko sutearen egoera. Hala adierazi du Barne ministro Laurent Nuñezek gaur goizean emandako prentsaurreko batean. Jada 42.000 hektarea erre ditu suak, eta gutxienez 220.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte azken egunetan. Hala ere, Frantziako Gobernuak adierazi du Girondako egoera, oro har, hobea dela, eta oraingoz ez dela beharrezkoa Bordele hustea. Nuñezen arabera, ordea, sutea oraindik «ez dago kontrolpean», eta larrialdi zerbitzuek azpimarratu dute zaila dela sua nora zabalduko den aurreikustea.
Aurreko biak ez bezala, gaurko gaua lasaia izan dela esan dute Landetan diharduten Frantziako larrialdi zerbitzuek. Euriak arnasa eman die, eta Biscarrosse inguruan azken egunetan ebakuatu dituzten 30.000 pertsonatatik 5.000 etxera itzuli ziren atzo gaualdean.
Azken egunetan Varren eta Korsikan piztutako suak ere ez daude kontrolpean oraindik, eta, Laurent Nuñez Barne ministroak atzo gauean adierazi zuenez, 115.000 hektarea erre dira Frantziako Estatuan urtea hasi zenetik. Urteko lehen zazpi hilabeteetan inoiz baino hektarea gehiago erre dira.
Emmanuel Macron herrialdeko presidentea, horrenbestez, gaur goizean Sebastien Lecornu lehen ministroarekin eta Nuñezekin bildu da Parisen, krisi bilera batean. Egoerari nola aurre egin eztabaidatzeko bildu dira; izan ere, nahiz eta oro har gauean egoera zerbait hobetu den, iristear dagoen bero boladak kezka sortu du. Eliseoak bileraren ondoren adierazi du Macron gaur joango dela Girondara, larrialdi zerbitzuekin aurrez aurre biltzeko.
Sutearen ondorioz, gainera, hainbat errepide eta trenbide moztu egin behar izan dituzte, eta neurriak eragina izan du Ipar Euskal Herrian. Hendaia (Lapurdi) eta Bordele lotzen dituen trenbidea moztuta dago, eta, atzotik, Baionatik Bordelera doan A-63 errepidea ere bai. Ondorioz, gaur goizean auto ilarak sortu dira Baiona inguruan.
Espainian egoera «zaila eta konplexua»
Espainian ere larri daude. Avila eta Toledo probintzietan (Gaztela eta Leon) eta Madrilgo erkidegoan piztutako suek 77.000 hektarea erre dituzte dagoeneko, eta, azken datuen arabera, oraindik 91.149 pertsona ebakuatuta edo konfinatuta daude —44 herri hustu dituzte—.
Vall d'Uixon (Castello, Herrialde Katalanak) larunbatean piztu zen suak 7.500 hektarea erre ditu. 75.000 pertsona konfinatuta daude, eta 16.000 ebakuatuta. Sua azkar zabaltzen ari da, eta Espainiako presidente Pedro Sanchezek, larrialdi zerbitzuekin bildu ondoren, adierazi du datozen orduak «zailak eta konplexuak» izango direla Vall d'Uixon. Hara abiatu aurretik, gainera, suteak klima krisiaren ondorio direla azpimarratu du, Babesleku Klimatikoen Sarearen aurkezpenean.
Hortaz, Iberiar penintsulako bi sute nagusiak ez daude kontrolpean, eta, gaur goizean, Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak agerraldi bat egin du Navalcarneron (Madril); besteak beste, herritarrei eskatu die ebakuazio eta konfinamendu neurriak errespetatzeko. Ministroak «zailtzat» jo ditu bart gauean izandako baldintzak, eta adierazi du litekeena dela bihartik aurrera egoera okertzea. Aemet Espainiako meteorologia agentziak jakinarazi duenez, bihartik igandera arte beste bero bolada bat espero da, udako laugarrena, eta baliteke sute arriskua estatu osora zabaltzea.